Gaur deklaratuko dute hamasei lagunek Iruñean, Voxen aurka mobilizatzeagatik

25 lagun daude ikerketapean Nafarroan, iazko otsailean Voxek jarritako propaganda-postuen kontra izandako mobilizazioengatik. Gaur, martxoaren 16an, hamasei pertsonak deklaratuko dute Iruñeko epaitegian: protesta antifaxistetan identifikatu zituzten polizia-indarrek, eta ikertuak izaten ari dira prozesu judizialean. 

Antifaxismoaren kriminalizazioari ez! lelopean, kontzentrazio bat dago deituta goizerako, deklaratuko duten pertsonei babesa emateko. 09:30erako jarri dute hitzordua, Iruñeko epaitegien aurrean.

Hasieran, bi lagun baino ez zeuden ikerketapean. Voxek eskatuta, baina, epaileak atzera egin du eginbideetan, eta beste 23 pertsona seinalatu ditu orain. Lehen "gorrotozko delitu" posible bategatik ireki zuten prozesua, baina "desordena publikoak", "atentatua" eta "mehatxuak" egon ote ziren ikertzen ari dira azkenean.