Correos enpresak proba pilotu bat jarri nahi du martxan Espainiako Estatuko hainbat hiritan, gaur egun oinez lan egiten duten langileak patinete elektrikoan ibiltzera derrigortuz. Gasteiz da gorriz markatutako hirietako bat, CCOO sindikatuak jakinarazi duenez, eta Cornellán, Leonen, Madrilen edo Valentzian ere egin nahi dute proba, besteak beste.
Itxura denez, oinezko postariek gutunak eta paketeak patinete bidez banatzeko aukera aztertzen ari da enpresa. Patineteek orga bat izango lukete, albiste honi gehituriko argazkian ikusten denez. Badirudi MOOEVO enpresak proposatu duela aldaketa, hirietan banaketa-lanak "modu jasangarrian" egitea aitzakiatzat hartuta, eta proposamenak Trafiko Zuzendaritza Orokorraren (DGT) araudia beteko lukeela defendatu du.
CCOOk ohartarazi duenez, ordea, "mugikortasun pertsonaleko ibilgailua" da patinete elektrikoa, eta "istripu larriak" eragin ditzake, "baita hilgarriak ere". Berrikuntzak, beraz, lan-arriskua areagotuko luke postarientzat. "Europako posta-enpresa publiko batek ere ez du mota horretako ibilgailurik erabiltzen banaketa-lanetarako, arriskutsua delako eta ez delako eraginkorra", azaldu du. Gainera, oinez jarduten duten langileei ez diete ordaintzen ibilgailuak gidatzen dituztenek kobratzen duten "arriskuagatiko osagarria", patinetea "bi eta lau gurpileko ibilgailuak baino arriskutsuagoa" izango litzatekeen arren, eta "karga handidun orga bat gehituta".
Patineteko eta bizikletako lan-istripuak gora
Bizikletak eta patineteak dira, Espainiako Estatuan, langileek baja hartu behar izatea ekarri duten laneko zirkulazio-istripu gehien sortu dituzten laugarren ibilgailu mota. Autoak, motozikletak eta zamalanetarako ibilgailu arinak soilik dituzte aurretik arrisku mailan. 2016tik 2024ra bitartean, bizikletan edo patinetean jazotako lan-istripuak hirukoiztu egin ziren estatuan, 1.537 izatetik 4.745 izatera pasatuz. Guztira 27.048 dira arrazoi horregatik baja hartu behar izan duten beharginak, La Verdad de Ceuta egunkariaren arabera.