ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Atzo agerraldi bat egin zuen GKSk, larunbatean Ertzaintzaren erasoa izan zen toki berean.
2024/04/01 10:39

Larunbat arratsaldean, gazte langileek emantzipatzeko duten ezintasuna salatzeko manifestazio jendetsu bat izan zen Gasteizen (Araba), Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta. "Politikari profesionalek behin eta berriz saltzen dizkiguten promesa faltsuekin haustea eta gure kabuz borroka egitea beharrezkoa" dela aldarrikatu zuten mobilizazioan, eta ezinbestekotzat jo zuten "doako etxebizitza unibertsalaren aldeko borrokan indarrak batzea".

Alde Zaharrean bukatu zen manifestazioa, eta, horren ostean, emantzipatzeko ezintasunaren kontrako protesta-ekintza bat egin zuten hainbat gaztek: Alde Zaharrean 30 urtez hutsik egon den etxe batera sartu eta birjabetu egin zuten, eraikinari erabilera soziala emateko. Hori jakitean, etxearen kanpoaldean bildu zen jende ugari, protesta-ekintzarekin bat egiteko eta barruan ziren gazteei babesa emateko.

Iluntzean hartu zuten hitza gazte horiek, etxeko balkoitik: salatu zuten, "etxebizitza negozio-iturri den bitartean", ez dutela baliorik "politikarien promesa faltsuek".

Ertzaintzaren eraso bortitza gauerdian

Handik hainbat ordura bertaratu zen Ertzaintza etxearen ingurura, gauerdian. Orduan, hainbat eta hainbat pertsona bildu ziren etxeko sarreran, barruan zeuden gazteei babesa emateko. Poliziak modu ikaragarri bortitzean jo zuen euren kontra: borra-kolpeka eta sekulako indarkeriarekin, etxearen kanpoaldean zeuden lagunen kontra kargatu zuten ertzainek. Pertsona bat, gainera, lurrera bota eta atxilo eraman zuten. Jipoien ondoren alde egin zuen Poliziak, eta etxe barruan jarraitu zuten hura protesta gisa birjabetu zuten gazteek.

Kanporatze biolento horretan, 25 lagunetik gora zauritu zituen Ertzaintzak: lau lagun ospitalera eraman behar izan zituzten. Hala jakinarazi zuen atzo GKSk, arratsaldean egindako agerraldi batean. Aurreko gauean jasandako polizia-jazarpena salatu zuen antolakundeak, eta gaitzetsi zuen, "gazteak jipoitzearekin nahikoa ez", eta "bere burua biktima bezala saldu" duela Poliziak, zenbait komunikabidek lagunduta.

Poliziaren eginkizuna jabetza pribatuaren defentsan

Atzoko agerraldian, "Poliziaren arduradun politikoek duten erantzukizunari" azpimarra egin zion GKSk, baina argi eta garbi seinalatu zuen zein den "Poliziaren funtzioa": "Enpresarien ordena soziala eta jabetza pribatua defendatzea, kasu honetan, etxebitza ondasun unibertsal izan dadin borroka egiten duten gazteak gogor jazarriz".

Argitu zuen "Alde Zaharreko etxebizitzan sartu ziren gazteek bertan jarraitzen dutela", baina "aurreikusgarria" dela "Poliziak bertara jotzea datozen ordu edo egunetan, gazteak etxetik kaleratzeko". Hori dela-eta, "gazte horien defentsan egin daitezkeen deialdietara adi egotera" deitu zuen.

Alderdi parlamentarioen isiltasun konplizea

GKSk, bestalde, esan zuen "adierazgarria" dela "alderdi politiko batek ere ez salatzea" larunbat gauerdiko polizia-jazarpena. "Hauteskunde-kanpainan ahoa bete zaie gazteriaren aldeko mezuekin, gazteriaren lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko neurriak egingo dituztela behin eta berriro adieraziz", gogorarazi zuten gazte antolakundeko kideek: "Baina horiek hitz hutsak baino ez direla frogatzen dute bart [larunbat] gauekoa bezalako gertakariek".

Gazteek gaitzetsi zuten "promesa faltsuak baino ez" dituztela egiten politikari profesionalek, "gure bizi-baldintzak okertzen doazen bitartean". Eta, "alderdi politiko horiekiko modu independentean borroka egiten dugunean", gainera, hori "kriminalizatzen eta jazartzen" dela ohartarazi zuten. Horren adibidetzat jo zuten Gasteizen jazotakoa, hain zuzen ere.

Dena den, nabarmendu zuten hori guztia ez dela "salbuespena": "Politikari profesionalek ez daukate etxebizitzaren problematika gainditzeko proposamenik; are gehiago, errentatzaileen eta enpresarien aldeko politikak egiten dituzte". GKSren esanetan, "politikari profesionalek ez diote etxebizitzaren problematikari erroko soluziorik emango". Hortaz, dei egin zuen "doako etxebizitza unibertsalaren alde independenteki antolatzera eta borroka egitera".

NO HAY COMENTARIOS