ACTUALIDAD / Presos políticos
Parisera urrundu dute Ibon Fernandez Iradi preso politikoa, euroagindu bat dela-eta
2013an diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza Lasarte-Oriako preso politikoari; hura aske uztearen alde egin zuen 2019an Frantziako auzitegi batek, baina erabakia bertan behera utzi zuten fiskaltzaren ekinbidez.
2021eko maiatzaren 26
Parisera urrundu dute Ibon Fernandez Iradi preso politikoa, euroagindu bat dela-eta

Ibon Fernadez Iradi preso politikoa La Santéko (Paris, Frantzia) espetxera eraman zuten atzo, euroagindu baten harira. Lannemezango (Okzitania) kartzelan zuten preso. Gaixotasun larria du Fernandez Iradik: esklerosi anizkoitza. 2010erako lehen sintomak sumatu arren, hiru urte pasatu arte ez zioten gaitzaren diagnosirik egin. 2019an, preso politikoa aske uztearen alde egin zuen Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak, baina erabakia bertan behera utzi zuten fiskaltza antiterroristaren ekinbidez.

Preso politikoaren osasun egoera "aintzat hartu gabe" urrundu dutela salatu du Bakegileak mugimenduak, "mediku-agiriek diotenean, osasun-egoera dela-eta, ez zaiola komeni bidaia luzerik egitea". Gaineratu dute Paueko auzitegiak ere baduela eskumena halako kasuak hartzeko, baina Frantziako Ministerio Publikoaren erabakiz eraman dutela Pariseraino.