Atzo goizean, familia bat bota zuten euren etxetik Mungian (Bizkaia). Etxe-kaleratzeari aurre egitera eta familiari babesa ematera deitu zuen Uribe Butroeko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), eta goizeko 08:30erako, hainbat eta hainbat pertsona elkarretaratu ziren Olalde Beresia kaleko 8. zenbakian.
Goizeko lehen ordutik bertaratu ziren polizia-indarrak, eta protesta egiten ari ziren lau pertsona identifikatu zituzten. GKSko kideek jakinarazi dutenez, hiru urte etxe horretan bizitzen egon ostean kaleratu dute familia, eta instituzio publikoek ez diete inolako etxebizitza-alternatibarik eskaini.
GKStik salatu dute "langile-klasearen bizi-baldintzak okertzen" ari direla, baita "etxebizitzarako eskubidea ere"; "bitartean, instituzioek, arazoari irtenbidea eman beharrean, hau kudeatzera mugatzen dira". Mungiako Udalari (EAJ) exijitu diote bizitoki-alternatiba iraunkor bat, eta etxegabetze guztien etetea ere aldarrikatu dute.