ACTUALIDAD / Represión
Ez dute argitu Guardia Zibilak zenbat kontrol egin zituen iaz EAEn
Jaurlaritzak esan du 443 kontrol izan zirela 2025ean, baina Barne Ministerioak emandako datua askoz ere baxuagoa da: 156. Nafarroan, 44.000 kontrol baino gehiago egin zituzten guardia zibilek.
2026eko otsailaren 27 - 12:37
Ez dute argitu Guardia Zibilak zenbat kontrol egin zituen iaz EAEn
— ARGAZKIA Isaac Buj

Ez dago Guardia Zibilak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jarritako kontrolei buruzko datu garbirik, agintaritzak ez baitatoz bat argitara emandako datuetan. Parte hartzen duen bi ganbaratan, Espainiako Kongresuan eta Eusko Legebiltzarrean, kontrol horien inguruan galdetu du EH Bilduk, baina kopuru desberdinak eman dituzte Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak.

Espainiako Barne Ministerioak dio Guardia Zibilaren 156 kontrol izan zirela 2025ean EAEn. Bertan, trafikoari lotutako eskumenak mugatuta, bestelako funtzio batzuekin egiten dituzte kontrolak guardia zibilek, Espainiako Gobernuaren hitzetan: "terrorismoaren, krimen antolatuaren eta legez kontrako trafikoaren" aurkako lanen barruan, hain zuzen ere.

Datu horiek, dena den, igoera handia erakutsiko lukete aurreko urteekin alderatuta: Espainiako Gobernuaren arabera, guardia zibilaren 90 kontrol izan ziren 2021ean, 58 2022an, 44 2023an, eta 64 2024an.

Jaurlaritzak bestelako datu batzuk eman ditu, hala ere; askoz ere altuagoak. Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak adierazi du Ertzaintzaren datu-baseetara jo dutela zenbatekoak ezagutzeko, eta horien esanetan, Guardia Zibilak 443 kontrol-jarduera gauzatu zituela 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 12ra. Horietatik hiru jakinarazi gabekoak izan omen ziren, eta 66 "terrorismoaren kontrakoak". Teorian, Espainiako Gobernuaren esanetan, Guardia Zibilak Ertzaintzari jakinarazten dizkio EAEn egingo dituen esku-hartzeak.

Nafarroan, EAEn ez bezala, hiritik kanpoko trafikoaren gaineko eskumenak ditu Guardia Zibilak. Horiek horrela, milaka eta milaka kontrol egiten ditu: 44.353 izan ziren 2025ean, Espainiako Gobernuak dioenez.