Igandean izango da futboleko Mundu Kopako finala, eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta hainbat herritan Espainiako Selekzioaren partida ikusteko pantaila erraldoiak jarriko dituzte lekuan lekuko udalek eta alderdi politikoek. Espainiar nazionalismoa indartzeko saiakerei erantzunez, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko hainbat deialdi atera dira argitara egun bererako, besteak beste, Donostian (Gipuzkoa) eta Gasteizen (Araba).
19:00etarako egin dituzte bi deialdiak: Gasteizen, Faroloian elkartzera deitu dute, Euskal Herrian Euskal Selekzioa. Asimilaziorik ez! lelopean. Donostian, berriz, Bulebarrean ipini du hitzordua Bultzada taldeak, Inposaketa españolistaren aurrean, ofizialtasuna eta autodeterminazioa Euskal Herriarentzat aldarritzat hartuta.
Bultzadak deialdia zabaltzean nabarmendu duenez, "futbolaren aitzakiapean espainiar nazionalismoa indartzea" dakar espazio publikoan Espainiako Selekzioaren partida emateko pantailak jartzeak. Gogorarazi du Espainiako bandera "estatu-egitura baten ikurra" dela; "herrien autodeterminazio-eskubidea ukatzen" duen, "euskara azpiratzen" duen, "estatuburutza Koroaren eskuetan dagoen" eta "preso politikoak dituen" estatu-egitura batena, hain zuzen ere.
Ohartarazi du, gainera, "euskaldunon borondate nazionala zapalduta dagoela espainiar eta frantziar estatuetan", eta "hori horrela den bitartean" bi estatuetako selekzioak izango direla "inposaketa" bat. Beraz, Bultzadak beharrezkotzat jo du Euskal Herriarentzat "autodeterminazio-eskubidea eta kirolean lehiatzeko ofizialtasuna" aldarrikatzea, baita "euskal langile-klasearen askapen nazionalaren eta sozialaren alde" mobilizatzea ere.