ACTUALIDAD / Vivienda

Etxebizitzaren prezioak %12,2 egin du gora apiriletik ekainera bitartean Espainiako Estatuan

2014tik hona, 45 hiruhilekotan jarraian igo da prezioa, eta, urte erdiz, %12tik gorako igoerak izan dira. Bigarren eskuko etxebizitzak izan dira igoera hori gehien sustatu dutenak.
2026eko irailaren 9 - 10:12
Etxebizitzaren prezioak %12,2 egin du gora apiriletik ekainera bitartean Espainiako Estatuan
— ARGAZKIA Onda Vasca

Espainiako Estatuko etxebizitza-merkatuak hazkunde handiko bide bati eusten dio. Espainiako Estatistika Institutuak (INE, gazteleraz) argitaratutako Etxebizitza Prezioen Indizearen (IPV, gazteleraz) arabera, etxebizitza librearen prezioa %12,2 garestitu da 2026ko bigarren hiruhilekoan, aurreko urteko sasoi berdinarekin alderatuz gero. Emaitza horrekin, sektoreak 45 hiruhileko daramatza urte arteko igoerak metatzen, 2014tik aurrera mantendu egin baita goranzko joera. Gainera, azken sei hiruhilekoetan, %12tik gorako igoerak izan dira etengabe.

Zifra handia izan arren, urteko adierazleak zazpi hamarreneko moderazioa erregistratu du urteko lehen hiruhilekoaren aldean, orduan, %12,9koa izan baitzen garestitzea, 2026ko ekitaldia hasteko momentuan ikusitako tasa bera (aurrez, 2025eko ekitaldia ixtean, %12,7ko batez besteko gorakada erregistratu zuten). Hiruhileko batetik bestera atzemandako prezioak alderatuz gero, higiezinak %3,4 garestitu ziren apiriletik ekainera bitartean, aurreko hiru hilabeteen aldean. Bilakaera horrekin, etxebizitzak %7ko garestitzea izan du Espainiako Estatuan urteko lehen sei hilabeteetan.

Higiezinen tipologiaren araberako portaerak erakusten du bigarren eskuko etxeen merkatuak jarraitzen duela izaten garestitzearen bultzatzaile nagusia. Erabilitako etxebizitzek urte arteko %12,9ko prezio-igoera izan zuten bigarren hiruhilekoan, aurreko hiru hiruhilekoetan %13tik gorako tasak erregistratu ondoren. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, bigarren eskuko higiezinak %3,7 igo ziren, hau da, urtebetean hiruhilekoen artean izandako gorakadarik handiena jasan zuten. 2026an, hala, %7,4ra igo da metatutako garestitzea. Etxebizitza berriek, berriz, hazkunde-erritmo neurritsuagoa erakutsi dute, %7,4ko gorakadarekin urte artean; 2023ko lehen hiruhilekotik ikusitako tasarik txikiena. Hiruhileko arteko tasan, obra berriko higiezinak %1 igo ziren; beraz, urte honetan metatutako hazkundea %4,6koa izan da denera.

Prezioen gaineko presioa modu orokorrean agertu da Estatu osoan. Nafarroan izan ezik, non igoera %9,5ekoa izan den, autonomia-erkidego guztietan digitu bikoitzeko igoerak izan zituzten bigarren hiruhilekoan. Igoerarik handienak Ceutan (%15,2), Asturiasen (%15), Gaztela eta Leonen (%14,8), Aragoin (%14,6), Errioxan (%14,4) eta Murtzian (%14,4) gertatu dira.