ACTUALIDAD / Migración
Etorkinen kanporatzeak %12 igo dira Espainiako Estatuan eta marka berria ezarri dute
"Sanchezen ICEk" 3.398 deportazio izapidetu zituen 2025ean, azken bost urteetako kopururik handiena eta 2021ean baino %67 gehiago. Atzerritartasun Legea eta Zigor Kodearen 89. artikulua hartzen dituzte oinarritzat kanporaketak martxan jartzeko.
2026eko otsailaren 16
Etorkinen kanporatzeak %12 igo dira Espainiako Estatuan eta marka berria ezarri dute
— ARGAZKIA CNP

Espainiako Estatuko polizia-indarrek 3.398 pertsona etorkin kanporatu zituzten 2025ean, aurreko urtean baino %12 gehiago. Azken bost urteko kopururik handiena izan zen hori, Europa Press-ek aipatzen dituen Barne Ministerioaren datuen arabera. Estatistikak goranzko joera argia erakusten du 2021etik hona, orduan 2.025 kanporatze zenbatu baitziren. 2022an 2.627 izan ziren; 2023an, 3.090; eta 2024an, 3.031. Guztira, 2021etik 2025era bitartean, Barne Ministerioak 14.171 deportazio egin zituen Espainiako Poliziaren bitartez; arlo horretan eskumen esklusiboak dituen polizia-indarra hain zuzen ere.

Atzerritartasun Legea (egoera irregularrean dauden pertsonak kanporatzea aurreikusten du) eta Zigor Kodearen 89. artikulua dituzte abiapuntutzat kanporaketa-prozesuek. Artikulu horrek aukera ematen du, urtebetetik gorako espetxe-zigorrak ezarri ordez, jendea zuzenean deportatzeko. Jopuntuan jarritako pertsona etorkinak erakusten badu Espainiako Estatuan hamar urtez baino gehiagoz bizi izan dela, zigorrak bost urtetik gorakoak izan behar dira, eta delituak berriz egiteko aukera ("reincidencia") aztertzen da. Gainera, mugetan atzemandako migratzaileen itzulketak ez dira estatistika horretan sartzen.

Deportazioen hazkunde iraunkorrak migrazio-politika gero eta murriztaileagoa sendotzen du, nahiz eta Pedro Sanchezen gobernuak "giza-eskubideen eta pertsona migratzaileen defendatzaile" gisa aurkezten duen bere burua. Pertsona etorkinei laguntzeko zenbait kolektibo sozialek "Sanchezen ICE" deitu diote errepresio-dispositibo horri, AEBetako agentziari erreferentzia eginez, ezaguna baita Trumpen garaian gauzatzen ari den atxiloketa eta kanporatze masiboengatik.

Espainiako Barne Ministerioaren datuek ez dute zehazten zeintzuk diren kanporatutako pertsonen jatorrizko herrialdeak, ezta espediente bakoitza irekitzea eragin zuten arrazoi zehatzak zeintzuk izan ziren ere. Bitartean, deportazio-makineria koipeztatzen jarraitzen dute urtez urte, %67ko igoera izan baita bost urtean bakarrik. Eta gobernu "aurrerakoi" batekin gertatu da hori, zeinak ez baitu presio handirik sentitzen bere norabide sekuritarioari eta eskuin muturraren mehatxuaren indarraldiari buruz azalpenak emateko, PSOEren xantaia politiko gisa. Neurri autoritarioak sendotuz doaz bitartean, oposizio esanguratsurik gabe eta eraginkortasun handiagoarekin.