ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/09 11:11

Duela urte eta erdi inguru, 2020ko otsailean eta martxoan, bederatzi gazte atxilotu zituen Espainiako Poliziak Iruñerrian (Nafarroa), Pablo Hasel rap abeslariaren espetxeratzea salatzeko protesten harira. Izan ere, otsailaren 20ko iluntzean manifestazio bat izan zen Nafarroako hiriburuan, "burgesiak areagotutako ofentsiba ekonomiko eta politikoaren testuinguruan", eta "langile klasearen bizi-baldintzen okertzea, eskubideen urraketa sistematikoa [...], poliziaren jazarpen etengabea eta abar" seinalatu ziren.

Eskubide politikoen defentsan, otsailaren 20ko auziperatuentzat absoluzioa! dinamika aurkezteko adierazpenean nabarmentzen denez, "egonezin orokorra" handitu zuen Haselen atxiloketak, eta protesta egitera atera ziren kalera ehunka pertsona, bai Hego Euskal Herrian, bai eta Espainiako Estatu osoan zehar ere. Mobilizazio horietako bat izan zen, hain zuzen ere, Gazte Koordinadora Sozialistak Iruñean deitutakoa.

Errepresioa, burgesiaren erantzuna

Mobilizazio horietan guztietan, "berdin erantzun zuen leku guztietan" burgesiak: protestak errepresio bitartez gelditzen saiatu zen. Hala, otsailaren 20an, Haselen askatasuna exijitzeko Iruñeko manifestazioa bukatzear zegoela, Espainiako Polizia zein Foruzaingoa oldartu ziren manifestarien aurka, eta kargei ekin zieten. Modu horretan amaitu zen protesta.

Iruñeko Alde Zaharrean ez ezik, Txantrea zein Errotxapea auzoetara zabaldu ziren istiluak, eta bi pertsona eraman zituzten atxilo poliziek. Martxoaren 4an, gainera, beste zazpi lagun atxilotu zituzten, gertakari horien harira.

Lau auzipetu

Atxilotuetako lauk haien aurkako epaiketaren jakinarazpena jaso berri dute, bai eta hainbat isun ere. Zentzu horretan, eskubide politikoen defentsarako dinamika da Iruñean oraintsu abiatu dutena, eta atxilotuentzako absoluzioa exijitzen dute, besteak beste. Izan ere, aurkezpen-oharrean azpimarratzen dutenez, 17.000 eurotik gorako isunez gain, osotara, hamahiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorrak ezarri nahi dizkiete lau gazte horiei.

Errepresioaren aurrean, antolakuntza

Egoerari aurre egiteko premiari egin diote azpimarra dinamika martxan jarri duten kideek, eta zehaztu dute errepresio kasuak "ez direla zerbait isolatua". Errepresioa gelditzea, beraz, "horrelako kasuak gertatzeko baldintzak sortzen dituen sistema suntsituz" besterik ez dela lortuko aldarrikatu dute, eta "antolakuntzarako pausoak" ematea nahiz "mobilizazioetan parte hartzea" ezinbestekotzat jo dituzte.

NO HAY COMENTARIOS