Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) larriki zauriturik dago 44 urteko emakume bat, Ertzaintzak foam jaurtigai batekin buruan jo ostean. Aurreko asteartean, Realaren eta Paris Saint-Germainen (PSG) arteko partidaren aurretik, hainbatetan eraso zien Ertzaintzak Realeko zaleei: kargak izan ziren Reale Arena estadio inguruan, eta, besteak beste, foam jaurtigaiak erabili zituzten ertzainek zaleen kontra.
Atzo gauera arte ez zen atera argitara, karga horietan, pertsona bat larriki zauritu zutela ertzainek. Noticias de Gipuzkoa-k azaldu duenez, kargetako bat izan zen unean, Errondoko plazan zegoen gerora zauritutako emakumea. Ertzaintza jendearen kontra oldartu zenean eta foam jaurtigaiak botatzen hasi zenean, buruan eman zion emakumeari: 30 metroko distantziatik jo zuten. Ospitaleraturik dago une honetan; bere kordean, baina garuneko barne-hemorragia larri batekin.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak esan du "frogak biltzeari" ekin diola, asteartean gertaturikoa ikertzeko. Zauritutako pertsona forentse batek ikus dezala ere eskatu du, "lesioen izaera eta jatorria erabaki" ahal izateko.
Lau zauritu azken hilean: Tolosa eta Gasteiz
Orain dela hilabete eskas, Tolosako (Gipuzkoa) Inauterietako Zaldunita gauean, ospakizun betean zegoen jendetzaren kontra kargatu zuen Ertzaintzak. Foam jaurtigaiekin jota, gutxienez hiru pertsona zauritu zituzten poliziek: aurpegian eman zieten denei, horietatik bati, begian.
Horren harira, barne-ikerketa bat jarri zuen martxan Ertzaintzak; ustez, gertaturikoa argitzeko. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak egindako azken adierazpenek, baina, argi ematen dute aditzera zein izan daitezkeen ustezko ikerketa horren ondorio nagusiak. Ertzainen erasoa justifikatzeko, Erkorekak esan du begian zauritutako gaztea "istilu" batzuetan parte hartzen ari zela. Gainera, Ertzaintzak adierazi du ez zuela zuzenean tiro egin gazte horren kontra: "errebotatu" ostean, foam jaurtigai batek mutila "zeharka" jo omen zuen. Hori, baina, gezurra da, Poliziak berak foam jaurtigaiei buruz eman izan dituen hamaika azalpenen arabera: "zehastasunezko jaurtigaiak" dira foam erakoak, eta ez dute errebotatzen.
Joan den igandean, bestalde, beste emakume bat zauritu zuten ertzainek Gasteizen (Araba). Gasteizko sarraskian eraildako langileak oroitzeko mobilizazioan, manifestarien aurka oldartu zen Ertzaintza, eta dozenaka pertsona zauritu zituen. Bati, esaterako, nahita zanpatu zioten hanka polizia-furgoneta batekin; emakume bati, berriz, foam jaurtigai batekin eman zioten aurpegian.
Atzo agerraldi masibo bat egin zuten hainbat sindikatuk eta Martxoak 3 elkarteko bozeramaileak, Gasteizen bertan. Jakinarazi zuten ebakuntza egiteko zain dagoela foam jaurtigai batek jotako pertsona: masailezurra hautsi zion Poliziak.