ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/11 13:46

Ia lau urteko prozesu judizialaren ondoren, badute euren aurkako ebazpenaren berri 2021ean Errotxapean (Iruñerria, Nafarroa) atxilotu eta gero epaitutako bi gazteek: urtebeteko espetxe-zigorra jarri diete eta kartzela ekidingo dute, baina 15.400 euroko kostu judizialei aurre egin beharko diete. Duela ia lau urte atxilotu zituzten biak, Errotxapeako beste zazpi gazterekin eta Burlatako batekin batera, eta beste bi pertsona ere deitu zituzten deklaratzera auzi berdinaren barruan. Gazte Koordinadora Sozialistari (GKS) nahiz Indar Gorriri lotutako "kale-borroka talde bateko kide izatea" eta "talde armatu" batekin lotura izatea leporatu zieten.

Hainbeste luzatutako prozesua amaitu da azkenean, baina jasandakoaren "gordintasuna" salatu du Errotxapeako Auzipetuak izeneko plataformak: "Hamar gazteren atxiloketa eta beste biri deklaratzeko deia. Jarraipenak eta telefono-komunikazioen zelatatzeak. Etxeen eta material pertsonalen miaketa. Hiru eguneko atxiloaldia pandemiaren testuinguruan. Bigarren egunera arte abokatuen babesa oztopatzea. Antolakunde politikoen aurkako akusazio faltsuak mota guztietako komunikabideetan".

Gogorarazi du, gainera, operazio poliziala izan eta bi urtera, artxibatu egin zituztela 2021ean atxilotutako gehienen aurkako akusazioak, eta prozesuaren "arbitrariotasuna eta inpunitatea erakusten" dituela horrek. Hala ere, "erakustaldi mediatikoa eta errepresiboa justifikatzeko", mantendu egin zituzten bi pertsonaren kontrako akusazioak, eta aurrera egin zuen prozesuak. Haiek dira, hain zuzen ere, orain kondenatu dituzten biak.

Errepresioaren aurrean, klase-elkartasuna

Plataformaren esanetan, erasoak helburu bat zuen: "Auziperatuen borondate politikoa suntsitzea". Hala azaldu du: "Argi dugu, gizarte kapitalista honetan, epaitegien helburua ez dela bidezkoa denaren eta ez denaren arteko eztabaida arrazionalak izatea, baizik eta ordena kapitalistari kaltegarriak zaizkion jokabideak zigortzea eta gizarte injustu honekin konformatzen ez dena beldurtzea". Uste du, hain justu, "horri erantzuten" diotela Errotxapeako gazteen aurka izan diren "kartzela-zigor eskaerek eta gazte langileentzat jasanezinak diren ia 30.000 euroko ondorio ekonomikoen mehatxuak".

Horri lotuta, Errotxapeako Auzipetuek elkartasuna adierazi diete "estatuaren errepresioa era ezberdinetan jasaten dutenei": "Raimundo El Canasteroko kideei, Lizarrako jaietan txoznak defendatzeagatik ikertuak izaten ari diren 27 kideei, Zaragozako eta La Suizako hamabi espetxeratuei, Poliziaren infiltrazioen biktima diren hamarnaka militante politikoei, Voxen aurrean kalea defendatzeagatik 600 euroko isunak jaso dituzten 33 gazteei, manifestazio batean aurpegia estaltze hutsagatik bi urtez mobilizazioetara joateko debekua jaso duen Ipar Euskal Herriko gazteari, Durangoko Gaztetxea defendatzeagatik epaituak izango direnei", eta abar. Ohartarazi du, beraz, errepresioa ez dela "atzoko kontua", eta beharrezkotzat jo du haren aurka "elkartasuna antolatzen jarraitzea".

Hitzordua martxoaren 22an

2021ean abiatutako prozesuaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko, elkartasun jaialdi bat antolatu dute Errotxapean martxoaren 22rako. Egun osoko egitarau bat prestatu dute: futbol txapelketa bat egingo dute goizean Patxi Larrainzarren; haurrentzako jolasak izango dira eguerdian Errotaberri Elkartean eta bermut musikatua eskainiko dute toki berean horren ostean; eta elkartasun bazkari bat egingo dute gero auzoko frontoietan.

Arratsaldeko 16:30ean hasita, kontzertua izango da frontoietan bertan: Muxutruk, Ostikoka eta Aurrez Aurre taldeak arituko dira. Gauez, berriz, DJ batzuek jardungo dute Errotaberrin.

NO HAY COMENTARIOS