Espainiako Estatuan, errenta deklaratu eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (IRPF, gazteleraz) ordaindu beharko dute lanik gabeko pertsonek. Maiatzean onartu zuten Yolanda Diazen Lan Ministerioak langabezia-prestazioari buruz proposatutako erreforma, eta, ondorioz, errenta deklaratu beharko dute pertsona langabeek.
Ogasunaren arabera, ez die isunik jarriko deklaratu nahi ez duten langabeei, izan ere, tributazioari buruzko legea aldatu beharko litzateke horretarako, eta horren aurka agertu da. Lan Ministerioak ere esan du ez dutela isunik jarriko deklarazioa egiteari uko egiteagatik, baina beste zigor bat egongo da: langabezia-prestazioa ukatuko diete pertsona horiei.
Estatuko Aldizkari Ofizialaren (BOE, gazteleraz) 299. artikuluak jasotzen ditu langabezia-prestazioa eskatzen duten pertsonen betebeharrak eta, besteak beste, errentaren deklarazioa aurkeztu beharko dutela dela dio. Zehazki, prestazioa jasotzeko eskubidea "kendu" egingo zaio norbaiti, IRPFaren deklarazioa "ekitaldi fiskalean aurreikusitako epe eta baldintzetan" aurkeztuko ez balu.
Erreforma egin baino lehen, langileek ez zuten IRPFari lotutako deklaraziorik egin behar, baldin eta urte osoko diru-sarrerak 22.000 eurokoak baino handiagoak ez baziren, edo bi ordaintzaile baino gehiago zituzten langileen kasuan, urtean 15.876 eurotik gorako diru-sarrerak ez bazituzten. Beraz, diru-sarrera txikiak zituzten langileek edo pertsona langabeek ez zuten deklaraziorik egin behar, prestazioa eskatu ahal izateko adibidez.
Yolanda Diazen erreformarekin, berriz, bi aukera izango dituzte lanik ez duten pertsonek: langabezia-prestazioari uko egitea, edo langabezia-prestazioa jaso ahal izateko deklarazioa egitea. Bigarrena hautatzen duenak, baldintzen arabera, IRPFa ordaindu beharko du.