ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/01 16:35

Eraikuntza sektorea nabarmen aldatu da Espainiako Estatuan 2008an krisiak eztanda egin zuenetik. Higiezinen burbuilak lan-eskaria handitu zuen etxebizitzen eraikuntzan krisia azaleratu arte, eta urtean 600.000 etxebizitza eraikitzen ziren Espainiako Estatuan aurreko aldian. Langileen soldatak, gainera, gaur egun baino altuagoak ziren sektorean, eta enpresariek ez zuten arazorik izaten lanpostuak betetzeko. Gaur egun, ordea, eraikuntzan beste 700.000 langile behar direla dio Espainiako Eraikuntza Konfederazioak (CNC, gazteleraz), sektoreko patronalak.

Gazteek ez omen dute eraikuntzan lan egin nahi. Eraikuntzaren Laneko Erakundearen Behatokiaren datuen arabera, Espainiako Estatuan, eraikuntzako langileen %9,6k bakarrik dituzte 30 urte baino gutxiago, eta 58 urte baino gehiago dituztenak %20 dira. CNCko presidente Pedro Fernándezen hitzetan, sektorea ez da "erakargarria" gazteentzat "irudi txarra duelako, 2008ko finantza-krisiak distortsionatu" ondoren. Krisia baino lehen, ohikoa zen eraikuntzan hilean 2.000 euroko soldatak izatea, baina, gaur egun, peoi baten urteko soldata gordina 19.000 eurokoa da, nabarmen txikiagoa.

Lan-baldintza gogorrak

Eraikuntzako beharginek lan-baldintza gogorrei egin behar diete aurre. Eraikuntzaren Laneko Erakundeak 2021ean egindako inkesta baten arabera, obran lan egin duten gazteek ez dute inola ere sektore horretan jardutea gomendatzen, "lan-baldintza gogorrak eta txarrak" argudiatuta, beste ezer baino gehiago. 

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE, gazteleraz) azterketa bat egin zuen aipatutako behatokiarekin batera, eta identifikatu zuten gazteek eraikuntzan "lanpostua galduz gero, enplegu berri bat lortzeko zailtasunak" izaten dituztela gero. Horretaz gain, "lan fisiko oso gogorra eta baldintza klimatologiko bortitzak" jasan behar dituztela ere azaltzen dute, eta lan-istripuak ohikoak direla esan zuten inkestan parte hartu zuten gazteen %45ek.

Lan-istripuak eguneroko ogia dira eraikuntzan

Historikoki lan-istripu gehien erregistratu dituzten sektoreen artean dago eraikuntza. Iaz, adibidez, 83.966 lan-istripu jazo ziren Espainiako Estatuko eraikuntza sektorean, eta gutxienez 131 langilek galdu zuten bizia. Soilik manufaktura industriak gainditu zuen lan-istripu kopuru hori, 95.273 jakinarazi baitzituzten.

Hego Euskal Herriko datuei erreparatuz, EAEn eraikuntzako gutxienez bi langile hil ziren iaz, eta osotara 3.955 lan-istripu erregistratu zituzten sektorean. Gainera, 143 in itinere istripu ere izan ziren. Nafarroan, berriz, gutxienez 6.780 lan-istripu gertatu ziren iaz eraikuntzan, eta horietatik bi hilgarriak izan ziren.

NO HAY COMENTARIOS