ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/02/16 13:28

Ehunka ikasle mobilizatu dira gaurkoan Gasteizko (Araba) campusean, Ikasle Abertzaleakek deituta. Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) espediente akademikoak ireki nahi dizkie 34 ikasleri, iaz hezkuntza erreformen kontra egindako greba baten harira. Greba horretan, Gasteizko campusera sartu eta 34 ikasleak atxilotu zituen Ertzaintzak, eta martxan dira haien kontrako prozedurak; tartean, espedienteen irekiera eta horrek dakarren kanporatze-arriskua.

"EHUk ikasle langileok zigortzearen eta erasotzearen adibide argienetako baten aurrean gaude. [...] Askatasun politikoen urraketa eta ikasleonganako eraso zuzen bat dira gertakari horiek, eta inola ere ez dira gertakari isolatu eta arbitrarioak", salatu du IAk. Gaurko mobilizazioan EHUri exijitu diote "espedienteak atzera botatzeko konpromisoa har dezala". IAk manifestazioaren amaieran nabarmendu duenez, "ikasle langileon eta unibertsitateko langile klaseko gainontzeko sektoreen antolakuntza politikoa bermatzeko borroka eguna da gaurkoa; askatasun politikorik existitzen ez den unibertsitatearen aurka borrokatzekoa, hain zuzen ere".

Jazarpena EHUko campusetan eta zigor-neurriak

"Azken urteotan hamaika izan dira antolakuntza politikoaren aurkako erasoak. Jardun politikoa oztopatu, zigortu, kriminalizatu eta, poliziaren esku-hartzearen bitartez, bortxaz isilarazi dituzte gure aldarriak", ohartarazi du IAk. Gogoan izan ditu, adibidez, "Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) campusean antolakuntza politikorako beharrezkoa den espazio bat borrokatzen ari zirela zigortutako ikasleak, garbitzaileen lan-baldintzen aldeko borrokan Errektoretza taldetik egin ziren kriminalizazio saiakerak, eta mobilizazio bakoitzaren atarian jasan behar ditugun jarraipen eta jazarpen itogarriak".

Gasteizko campusean gaur gertatutakoari ere azpimarra egin diote IAko kideek, aurreneko ordutik esku hartu baitute Ertzaintzak eta unibertsitateko segurtasun-indarrek. "Manifestazioaren harira propaganda oro kentzeko agindua, Ertzaintza campusera sartu izana, dozenaka identifikazio, fakultateak itxita aurkitzea eta fakultateetara sartzeko oztopoak, eta miaketak eta seguraten partetik jasotako jazarpena" izan dira campusean.

IAk salatu du etengabe "zigor-legeak onartzen eta sinatzen" ari dela EHU, eta adibide modura jarri ditu Bizikidetza Legea, ikasleen kontrako espedienteen irekiera eta Delta segurtasun-enpresaren aurrekontua urtebetean ia bi milioi igo izana.

Biolentziaz

"Kriminalizatu egin nahi gaituzte, eta biolentziaren inguruan hitz egiten dute", jarraitu du IAk mobilizazioaren bukaeran: "Baina unibertsitatera egunero gatozen ikasle langileon bizitzan, biolentoak ez dira gure fakultateko pintaketak edo greba bateko piketeak. Biolentoa dena da gradua amaitzeko dirurik ez izateagatik gradua utzi behar izatea, orain arte beka jaso duten familiak irizpideetatik kanpo geratu eta dirulaguntza gabe geratzea, edo ikasketak eta lana uztartu ezinean ari den ikasleak inolako laguntzarik ez izatea".

"Biolentoa da enpresek gure ikasketak norabidetzea, edota batzuen diru gosearen ondorioz ordaindu gabeko praktikak egiten jarraitzea", gaineratu du IAk: "Eta horretan ari da EHU; pribatizatzen, geroz eta gutxiagoren aukera bilakatzen, elitizatzen eta ikasle langileak kanporatzen". Salatu du, hain zuzen ere, "erreforma prozesuak seinalatzeagatik, borrokatzeagatik eta horren aurrean antolatzeagatik" daudela 34 ikasle "kanporatuak izateko mehatxupean".

Exijentziak EHUri

"EHUk ere badu ikasleon baldintzak okertzearen erantzukizuna, eta, gainera, baldintzak borrokatzeko antolatu den ikasleria zapaltzeko hautua egin du", seinalatu dute IAko kideek. Berriz azaldu dituzte haien aldarriak: "Askatasun politikoak bermatzen dituen unibertsitatearen alde borrokatuko dugu. Poliziak sarbiderik ez duen unibertsitatea exijitzen dugu. Seguratek lekurik ez duten unibertsitatea exijitzen dugu. Kamerarik eta kontrol sozialik gabeko unibertsitatea exijitzen dugu. Eta 34 espedienteak atzera botatzea exijitzen dugu".

NO HAY COMENTARIOS