ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Delta segurtasun enpresa EHUren Ibaetako campusean propaganda kentzen. FOTOGRAFÍA / @ibaetamartxan (Twitter)
2023/03/29 09:37

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) 17.972.898 euro xahutu ditu segurtasun-enpresetan azken bost urteetan bakarrik, unibertsitatearen urteroko aurrekontuek adierazten dutenez. Are gehiago, 2018-2022 aldian ikus daitekeenez, %5 igo du EHUk "eraikin zaintza" deritzon arloko gastua: 3.500.000 eurokoa izan zen 2018an, eta 3.671.000 eurokoa, berriz, 2022an.

Segurtasun pribatuko enpresekin kontratuak berritu ahala, esponentziala izan da EHUk campusetako kontrol sozialera bideratutako aurrekontuen hazkundea: 3.565.000 eurora igo zuen 2019-2020 biurtekorako, eta 3.671.449 eurora 2021-2022rako. Urteko batez besteko aurrekontua 3.594.579,6 eurokoa izan da 2018. eta 2022. urteen artean. Unibertsitatearen web-orrialdean eskuragai dagoen serie historiko osoa hartuta, 2013. eta 2022. urteen artean, segurtasun enpresetan 35.472.898 euro gastatu ditu unibertsitateak.

Segurtasun-zerbitzua unibertsitateak kanpoko enpresei kontratatzen dien bigarren garestiena da, garbiketaren ostean

Aurrekontuek argi eta garbi erakusten dute EHUk berebiziko garrantzia ematen diola campusetako kontrol sozialari: segurtasun-zerbitzua unibertsitateak kanpoko enpresei kontratatzen dien bigarren garestiena da, garbiketaren ostean.

Bestalde, igoera horrek ez du korrelazio zuzenik EHUren aurrekontu orokorren igoerarekin. Izatez, unibertsitatearen urteko diru-partidak etengabe hazi dira 2013. eta 2022. urteen artean. Segurtasun-aurrekontua, berriz, 2018an hasi ziren igotzen, 2013tik 3.500.000 euroko aurrekontu finkoa mantendu ostean. Beraz, ezin daiteke esan segurtasun-aurrekontua gainontzeko aurrekontu guztiak igo direlako areagotu denik. Kontrara, garbiketarena askoz ere erritmo motel eta jarraikorragoan igo dela ikus daiteke. Segurtasun-aurrekontuaren igoerak, hortaz, beste arrazoiren bati erantzuten dio.

Unibertsitatearen urteko diru-partidak etengabe hazi dira 2013. eta 2022. urteen artean. Segurtasun-aurrekontua, berriz, 2018an hasi ziren igotzen

Errefortzuak, zifratan

Ikasle mugimenduak azken urteetan salatu duen "campusen polizializazio prozesuak" badu oinarri sendo bat. Izan ere, Espainiako Estatuko segurtasun-zaindari baten urteko batez besteko soldata 18.000 eurokoa dela ikusita, 2018. eta 2019. urteen arteko segurtasun-aurrekontuaren 65.000 euroko igoerarekin 3,6 pertsona gehiago kontratatzeko ahalmen ekonomikoa izan duela kalkulatzen da. Baina kontua ez da hor amaitzen: 2020tik 2021era, aurrekontuari beste 106.449 euro gehitzeak 5,9 lagun gehiago kontratatzeko aukera eman zion unibertsitateari.

Hori gutxi balitz, ez da ahaztu behar, behin aurrekontuak igotzen dituztenean, mantendu egiten dituztela hurrengo urtean. Beraz, igoera guztiak metatuta eta 2018ko aurrekontuarekin erlazioan jarrita, duela bost urtetik hona, 26,6 pertsona gehiago kontratatu ahal izan dituzte.

Ia 204 segurtasun zaintzaile kontratatu ditzaketela zenbatetsi da

Termino absolutuetan, indarrean den urteko 3.671.449 euroko aurrekontuari erreparatuta, ia 204 segurtasun zaintzaile kontratatu ditzaketela zenbatetsi da. Aurrekontuaren zenbateko osoa ez doa soldatak ordaintzera, baina gaur egun EHUko campusak ikuskatzeaz arduratzen den Delta enpresaren kontuak publikoak ez direnez, estimazio maximo hori baino ezin daiteke erreferentziatzat hartu.

Kontratazio Publikoa Euskadin atarian irakur daitekeenez, EHUk 6.140.792,60 euroko (BEZa kanpo) kontratu bat sinatu zuen 2019an, bi urteko zerbitzuagatik. 2021ean beste 6.696.603,26 eurogatik berritu zen kontratua, hori ere "UPV/EHUko campus, zentro eta bulegoetako segurtasun- eta zaintza-zerbitzua" izenburupean. Kontratuetako aurrekontu horiek, arrazoiren batengatik, ez datoz guztiz bat EHUren urteko segurtasun-aurrekontuetan banatuz gero Bestalde, litekeena da aurrerantzean aurrekontuak igotzen jarraitzea. Alex Zarraga EHUko segurtasun zuzendariak 2021eko dokumentu batean azaltzen duenez, "bideozaintza aurrera eramateko espezializatutako enpresa baten kontratazioa" aurreikusten dute.

NO HAY COMENTARIOS