ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/23 14:01

Hernaniko (Gipuzkoa) San Joan festetan txosna bat jartzeagatik, EH Bildu buru duen Hernaniko Udalak 3.168 euroko isuna ezarri dio Mugimendu Sozialistari, alkatearen aginduz. Hala jakinarazi du Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak gaurkoan, eta zigorraren inguruko xehetasunak ere eman ditu: batetik, espazio publikoa baimenik gabe erabiltzea leporatuta jarri dio zigor ekonomiko bat udalak, eta, bestetik, espazio publikoa erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasa ordainarazi nahi dio Mugimendu Sozialistari.

Udalak eta Hernaniko Txosna Batzordeak beto politikoa jarri zioten Mugimendu Sozialistari San Joan jaietan, ohiko txosnagunean txosna bat jartzea debekatu baitzioten. "Prozedura eta irizpide tekniko guztiak bete bagenituen ere, eragile horren parte izateko zein txosnagunean beste txosna bat jartzeko aukera ukatu zigun Txosna Batzordeak", azaldu du Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak: "Udalak, berriz, alde batera utzi zituen eremu horretatik kanpo txosna bat jartzeko egindako eskaera guztiak".

Hala ere, "espazio publikoa erabiltzeko eskubidearen zein txosnaren bidez gure jarduna finantzatzeko beharraren defentsan", sanjoanetan txosna bat jartzea erabaki zuen Mugimendu Sozialistak, eta hala egin zuen. Udaltzainek pertsona bat identifikatu zuten txosna hori muntatzeko lanetan, eta, orain, kide horrek jaso du 3.168 euroko isuna.

Mugimendu Sozialistak egitarau bat prestatu zuen festetarako, txosna horren bueltan, eta horietan "parte-hartzea jendetsua" izan zela nabarmendu du Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak. "Bai udalak bai Txosna Batzordeak aurretik zabaldu zituzten zurrumurruek ziotenaren kontrara, jaiak inolako arazorik gabe pasatu ziren", esan du.

EH Bilduren rola

"EH Bildu administrazio publikoaren baliabideak gazteria komunistaren aurka egiteko erabiltzen ari da", salatu dute Kontseilu Sozialistako kideek: "Historikoki Euskal Herrian alderdi eskuindarrek egin izan duten bezalaxe, defendatzen dugun posizio politikoa dela-eta Mugimendu Sozialista zokoratzen eta itotzen saiatzen ari da EH Bildu. Horren isla da bai espazio publikoa erabiltzeko baimenak ukatzea, bai isunen bidez zigortzea, bai gainerako eragileei txosna jartzeagatik kobratzen ez dizkien tasak eskatzea. Beto zein bazterketa politikoa deitzen zaio horri".

"Ez da harritu beharko gintuen ezer, EH Bildu Espainiako Estatuko erregimen burgesean kokatu den alderdi bat baita. Hori dela-eta adierazpen politiko iraultzaileak itzalarazteko ardura dauka", gaineratu dute.

Elkarretaratzea abenduaren 26an

"Euskal Herriko edozein jaietan txosnak jartzeko eskubidearen defentsa" egin du berriz Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak. Bestalde, bi eskaera egin dizkio Hernaniko Udalari: isuna kentzea eta hurrengo San Joan jaietan Mugimendu Sozialistak ere txosna jarri ahal izateko bermea.

Horrekin lotuta, datorren astelehenean, hilaren 26an, kontzentrazio bat egingo dute Hernaniko Gudarien plazan, Kontseilu Sozialistak deituta. 19:00etan izango da protesta.

NO HAY COMENTARIOS