Osalan institutuaren arabera, laneko istripuei lotutako 40.355 baja erregistratu zituzten iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hortaz, batez beste, erregistratutako 110 lan-istripu izan ziren egunean. Denera, 2023an baino 2.600 istripu gehiago gertatu ziren 2024an (%+6,9).
Euskal Herrian, 64 lan-heriotzaren berri eman zuten iaz iturri sindikalek. Osalanek berriki emandako datuen arabera, EAEn 27 langilek galdu zuten bizia lan-istripuz, 2023an baino hiru gutxiagok. Lanean larriki zauritutako beharginen kopuruak, ordea, gora egin zuen: gutxienez 201 izan ziren 2024an, aurreko urtean 174 izan zirenean.
Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen esanetan, zerbitzuen sektorean izan ziren istripu gehien lanaldian bertan, 18.087 hain zuzen ere. Industria da hurrengoa zerrendan, erregistratutako 11.175 istripurekin, eta eraikuntzak jarraitzen dio atzetik (4.175). Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren sektorea da laugarrena zerrendan, baina alde nabariarekin: 576 istripu.