ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / London Palestine Action
2026/01/08 10:58

Erresuma Batuan, gose grebari eusten diote Palestine Action kolektiboko hainbat preso politikok, euren egoera salatzeko eta gobernuak Israelekiko duen konplizitatea gaitzesteko. Palestinarekin Elkartasuna plataformak Euskal Herrian ohartarazi duenez, egoera larrian daude grebalarietatik lau: Kamran Ahmed, Heba Muraisi, Teuta Hoxha eta Lewie Chiaramello. "Hainbatetan ospitaleratu dituzte, eta sintoma larriak dituzte, hala nola hitz egiteko zailtasunak, zorabioak, ubeldurak eta muturreko ahuldadea", azaldu dute plataformatik.

Honakoa da Erresuma Batuan inoiz izan den baraualdi koordinaturik handiena, 1981ean IRAko Bobby Sandsek eta bere kideek egindakoaren ondoren. Greban jarraitzen duten lau militanteek eskatzen dute fidantzapean aske utz ditzatela, "epaiketa justu baterako eskubideak bermatuta" izan ditzatela eta "haien komunikazio pertsonalen zentsura" buka dadila; baita Palestine Action taldea despenalizatzea eta Elbit Systems enpresa militarra ixtea ere.

Hiru hilabete gose greban

Aipatutako grebalarietatik hiru (Ahmed, Muraisi eta Hoxha) 2024ko azaroan espetxeratu zituzten, Elbit Systems enpresa militar israeldarrari sabotajea egitea egotzita. Chiaramello, berriz, joan den uztailean kartzelaratu zuten, Royal Air Force enpresaren bi hegazkin margoz zikintzea leporatuta. Epaiketarik egin gabe sartu zituzten preso laurak, "prebentziozko" kartzelaldian baitaude berez.

Palestinarekin Elkartasunak aste honetan azaldu duenez, Muraisi dago egoerarik larrienean. Oraintsu bete ditu 65 egun gose greban. "Hala ere, esan du ez diola grebari amaierarik emango ez badute bere familia eta ingurura hurbiltzen. Izan ere, ehunka kilometrora giltzapetu dute, bera isolatzeko", salatu du plataformak.

Hoxhak 60 egunetik gora daramatza baraualdian, eta memoria-arazoekin hasi da jada. Ahmedek ere hiru hilabete inguru bete ditu jan gabe; hiru aldiz ospitaleratu behar izan dute. Chiaramello aldizkako baraua egiten ari da, baina diabetesa pairatzen du. "Zorabioak, nahasteak eta ahulezia sufritzen ditu, 44 egun gose greban daramatzan honetan", seinalatu du plataformak.

Lau militante horiekin batera, espetxea jasan duten beste lau kidek ere ekin zioten gose grebari, baina bertan behera utzi behar izan zuten osasun-arazoak zirela-eta ospitaleratuak izan ondotik. "Qesser Zuhrah, Amu Gib eta Jon Cink ekintzaleek 48, 49 eta 41 eguneko grebaren ostean utzi zuten, hurrenez hurren. Umar Khalid presoak, 22 urtekoa, hamahiru egunean utzi zuen greba, distrofia muskularra duelako", jakinarazi du Palestinarekin Elkartasunak.

Palestine Action, "terrorista" izendatua

2020an jaio zen Palestine Action, eta bertako kideen esanetan, euren helburua da aurre egitea "Israelgo erregimen genozida eta apartheidezkoarekin mundu mailan dagoen parte-hartzeari". Palestinarren aurkako sarraskiaren erantzuleak seinalatzeko hainbat ekintza egin ondoren, Erresuma Batuko Parlamentuak iaz jo zuen "terroristatzat" taldea, eta hura legez kanpo uztea erabaki zuen boto bidez. Kolektiboa legez kanpo geratu eta hurrengo hiru hilabeteetan, protesta egin duten 1.600 bat lagun atxilotu dituzte.

NO HAY COMENTARIOS