2026rako aurrekontuaren berri eman du jada Donostiako (Gipuzkoa) udal-gobernuak (EAJ): 494.456.134 eurokoa izango da, 2025ekoa baino ia %4,5 txikiagoa. Irutxuloko Hitza-k jaso duenez, datorren urterako bi helburu nagusiak dira "etxebizitza berria sustatzeko esfortzua handitzea" eta "udal-zerbitzu publikoak handitzea". Dena den, proiektu nabarmenetako bat da polizia-indarrak sendotzeari begirako bat: komisaria berri bat egingo dute Egia auzoan.
Donostiako Udaltzaingoari, hain zuzen ere, 950.000 euroko aurrekontua emango dio udalak, Egian polizia-etxe berri bat eraikitzeko; ia milioi bat euro. Ertzaintzarekin partekatuko du azpiegitura.
Diru-partida horren dimentsioa kokatzeko, baliagarria da beste proiektu batzuetara udal-gobernuak bideratutako kantitateei erreparatzea. Etxebizitzaren arloan (teorian 2026ko aurrekontuetako zutabeetako bat), esaterako, 6,6 milioi eurokoa izango da Kanpandegin zuzkidura-apartamentu gehiago egiteko partida. Eta bestelako gastu sozialen barruan, 1,37 milioi euroko igoera baino ez dute aurreikusi "Erdialde Zahar Etxearen eta Bretxan Parte Zaharreko gizarte-zerbitzuen zentro berriaren proiektuak egin ahal izateko", Irutxuloko Hitza-ren esanetan.