ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Iberdrola
2024/11/05 16:52

2023. urtean, atzerrian aritzen diren hainbat energia-enpresari 500,9 milioi euroko dirulaguntzak eman zizkion Espainiako Gobernuak, Ogasun Ministerioaren datuen arabera. Europar Batasuneko funtsen parte ziren (Erresilientzia, Transformazio eta Berreskuratze Planaren barruan) kantitate horren %87,5, eta nahiko kontzentratuta egon zen banaketa, erdia baino gehiago jaso baitzuten 100 korporaziok. Aski ezagunak dira dirulaguntzen onuradun nagusiak: Iberdrola, Naturgy, EdP, Repsol, Cepsa eta Endesa.

Milioidunek jasotako milioi askoko laguntzak

Iberdrola da dirulaguntzarik handienak pilatu dituen enpresa, zalantzarik gabe: 121,6 milioi euro jaso zituen 2023an. Iberdrolako akziodunik handiena Qatar da gaur egun, akzioen %8,7ren jabe baita. Hurrengo akziodun nagusia Norvegiako funts subiraua da, %3,11 baitira bereak.

Naturgy da hurrengo enpresa onuraduna, iaz 79,1 milioi euro eman baitzizkioten. Espainiako Estatuko gas hornitzailerik handiena da, eta sektore elektrikoan hirugarrena. Akzioen jabe nagusiak GIP eta CVC funtsak dira, %40 pilatzen baitituzte. Funts horiek, dena den, euren akzio guztiak salduko omen dituzte, eta kolokan dago Naturgyren kapitalaren %40 hori nola banatuko duten. Aljeriako Sonatrach enpresa publikoa akzioen %3,85en jabe da, funtsen atzetik.

Portugalgo EdP enpresak, bestalde, 66,2 milioi euro jaso zituen iaz dirulaguntzetan. Enpresaren jabeen artean nabarmenenak dira Three Gorges Txinako enpresa publikoa (%21,08), Masaveu familia (%6,8) eta Norges Bank banku norvegiarra (%5).

Repsolek eta Moevek (duela gutxi Cepsa izenekoa) ere jaso zituzten laguntzak, 60,7 eta 60,5 milioi euro, hurrenez hurren. Blackrock (%6,1) eta Norges Bank (%5) dira Repsolen akzio gehien pilatzen dituztenak, eta Moeveren kasuan, Abu Dhabiko Mubadala funtsa da akziodun nagusia, enpresaren dibidenduen %63 baitira bere menpekoak. 

Basquevolt nagusi Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriari begira, Basquevolt enpresak 27,67 milioi euro jaso zituen dirulaguntzetan 2023an. Enpresa publiko-pribatu bat da, Eusko Jaurlaritzak bultzatutakoa, eta, besteak beste, bere jabe dira CIE Automotive, Enagás, Biscay Marine Energy Platform, Energiaren Euskal Erakundea eta Iberdrola.

NO HAY COMENTARIOS