Cordovillan (Nafarroa) dagoen Cirmauto auto denda eta konponketa-lantegia itxi egingo dute berehala, eta enpresako zuzendaritzak han lan egiten duten 30 langileak kaleratuko ditu. Neurri horri aurre egiteko, langileek greba mugagabeari ekin diote gaur.
ELA sindikatuak salatu du enpresak zortzi milioi euroko irabaziak izan dituela azken urteetan, eta gehitu du ez dagoela lantegia ixteko "arrazoi ekonomikorik". Bestalde, negoziatzerako orduan enpresako zuzendariek akordio batera iristeko borondaterik ez dutela izan salatu dute. ELAk Nafarroako Gobernuari kasutik "ez aldentzea" eskatu dio.