ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Argia-ren bidez
2025/11/11 12:38

Carlos Palomino, 16 urteko gazte antifaxista bat, 2007ko azaroaren 11n erail zuen labankadaz Josue Estebanez militar neonaziak. Legazpiko metro-geltokian (Madril) izan zen hilketa, eta Democracia Nacional talde faxistak Useran antolatutako mobilizazio arrazista baten aurka protesta egitera zihoan Palomino. Espainiako Gobernuaren (PSOE) ordezkaritzak baimendu zuen deialdi faxista, Soledad Mestreren zuzendaritzapean, baina, gero, agintaritza berberak debekatu zuen Carlosen erailketaren osteko kontzentrazio antifaxista.

Estebanezek, militar profesionala, metro-bagoi batean erail zuen Palomino, Madrilen gora zihoan neonazien biolentzia markatuz. Garai hura bizi izan zuten militante antifaxisten testigantzek LGTBI kolektiboaren, ezkertiarren edo kale egoeran zeuden pertsonen aurkako etengabeko erasoak dituzte gogoan.

Gertakari haietan erakundeek hartutako jarrerak eta faxismoak Madrilgo kaleetan iraun izanak sortu zuten borroka antifaxistaren tradizioa, eta bere horretan dirau. Carlos hil eta hurrengo urtean, 2008an, PSOEk ekintza faxista bat baimendu zuen berriro Tirso de Molinan, non Poliziak naziak babestu zituen eta gazteria antifaxistaren aurka modu basatian kargatu zuen. 2009an, Soledad Mestrek berriz baimendu zuen neonazien beste manifestazio bat, Vallecasetik igarotzen zena, eta 25 atxilotu antifaxista izan ziren.

Faxismoaren inpunitatearen aurkako borrokaren barruan, Madrilgo antifaxismoak PSOEren egoitza hartu zuen 2009an. Alderdiaren erantzuna izan zen "demokrazian gaudela". Hemezortzi urte geroago, hiriburuko kolektibo antifaxistek bizirik mantentzen dute Palominoren memoria, eta erakundeek faxismoaren normalizazioan eta legitimazioan duten rola dakarte gogora. Horren erakusle da, aste honetan bertan, Núcleo Nacionaleko neonaziek Madrilen egindako mobilizazioa.

Horren guztiaren aurka, Palominoren omenez urtero egiten den mobilizazioak Madrilgo antifaxismoaren hainbat belaunaldi bilduko ditu berriro astelehen honetan. Mobilizazioa 19:00etan abiatuko da Userako Julian Marias plazatik, baina ez da omenaldia egitera mugatuko: Palomino gaztea, gaur 34 urte izango lituzkeena, 2007ko azaroan neonazien deialdiari aurre egitera zerk bultzatu zuen oroitaraziko du.

Hurrengo astean, azaroaren 22an, Madrilgo mugimendu antifaxistek beste hitzordu bat dute: manifestazio bateratu bat egingo dute Francoren heriotzaren harira, 50 urteko inpunitate frankista. Antifaxismoa fronte guztietan lelopean.

NO HAY COMENTARIOS