ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Greenpeace
2025/09/03 09:17

Nafarroako Gobernuak baimena eman du Valle de Odieta enpresak Caparroson (Nafarroa) daukan makroetxaldea are gehiago handitzeko. Abeltzaintza-gaitasuna ia %34 areagotu ahal izango du konpainiak, 8.500 abelburu izan beharrean, 11.372 eduki ahal izateko: 700 behi heldu, 700 bigantxa eta 1.472 txahal gehiago hartu ahal izango ditu baserriak, Abere Helduen Unitatea (UGM gazteleraz) 9.678ra igoz.

Makroetxaldeen aurka lan egiten duten kolektiboek ohartarazi dutenez, Caparroson urratu egiten dute mindaren isurketari eta kudeaketari buruzko araudia. Gainera, oraintsu ezarritako 1053/2022 errege-dekretuak dio esplotazio-eremu batean Abere Helduen Unitatea 850ekoa izan daitekeela gehienez; beraz, Caparrosoko makroetxaldean markatutako azken mugak %1.138an gainditzen du langa hori. Dekretua onartu baino 22 egun lehenago egin zuen handitze-eskaera Valle de Odietak.

Momentu honetan, Valle de Odietako zuzendaritzako bost kide epaitzen ari dira Iruñean (Nafarroa), ingurumenaren aurkako delituengatik. 2021ean, Aragoi ibaian legez kanpoko isurketak egitea leporatzen diete, eta atzo bertan deklaratu zuten bi zuzendarik. Herri-akusazioak (Sustrai Erakuntza eta Greenpeace) hiru urterainoko kartzela-zigorrak eskatzen zituen bost auzipetuentzako, baina lau hilabete eta erdiko espetxealdia eta bederatzi hilabeteko inhabilitazioa baino ez ditu eskatu fiskaltzak, eta haietako birentzat soilik. 

Valle de Odietaren aurkako gutxienez 11 zigor-espediente ireki ditu Nafarroako Gobernuak azken urteotan, baimenik gabe abelburu gehiago esplotatzeko pabilioi berriak irekitzeagatik, abere kopurua handitzeagatik zein ingurugiroa kutsatzeagatik.

NO HAY COMENTARIOS