Beasaingo (Gipuzkoa) CAF enpresan lanean aritutako behargin bat hil zen atzo, maiatzak 2, amiantoak eragindako minbizia tarteko. Atzokoarekin 38 dira CAFen lan egiteagatik amiantoaren eraginez hil diren beharginak, eta datuen arabera, Beasaingoa da Gipuzkoan auzi horri lotuta hildako gehien zenbatzen dituen lantegia, baita diru irabazi edo sarrera gehien dituen enpresa ere.
Azken hilabeteotan hiru izan dira CAFen amiantoa arnastearen ondorioz zendutako langile erretiratuak. Datuen larritasunaz jabetuta, konpainia trengileko langile batzordeak omenaldia egin zuen joan den asteartean, apirilak 30, amiantoaren azken biktimen oroimenez –atzo zendu zen hirugarrena-, CAFeko langileek Beasaingo sarrera nagusian amiantoaren biktimen omenez jarritako monumentuaren aurrean. Asteartekoa ez zen izan amiantoz zendutako langileak oroitzeko egindako lehen kontzentrazioa; izan ere, CAFeko langileek urteak daramatzate amiantoaren auzia salatzen.
Kalte-ordainak
Beasaingo enpresako langile batzordeak gaitzetsi duenez, amiantoaren biktimek kalte-ordainak edo laguntzen errekarguak eskatzeko oztopo ugari izaten dituzte. Horren harira, Eusko Jaurlaritzak atzo bertan onartu zuen Espainiako Gobernuari amiantoaren biktimei kalte ordainak emateko diru funtsa eskatzea, hirugarrenez.