Goierriko CAF enpresak 100 milioi euro irabazi ditu 2025eko lehenengo bederatzi hilabeteetan, 2024ko aldi berean baino %66 gehiago, zuzendaritzak aurreko ostegunean jakinarazi zuenez. EITBren arabera, egoitza nagusia Beasainen (Gipuzkoa) duen konpainiaren kontratazio bolumena %80 igo da aipatutako denboran, eta 4.000 milioitik gorakoa izatera heldu da. Urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitartean, 3.165 milioi eurora iritsi da bere negozio-bolumena, 15.579 milioi euroko eskaerekin. Trenen ekoizpenarekin lotuta dago zatirik handiena, 13.262 euroko eskaerak jaso baititu enpresak. Solaris filialaren eraginkortasuna nabarmendu du.
Milioika euro metatzen jarraitzen du, hortaz, CAFek, palestinarren aurkako sarraskiaren kontura besteak beste. Izan ere, Israelgo Estatuarekin dituen negozioak mantentzen ditu: Palestinako lurretan sionisten asentamenduak lotuko dituen Tren Arina eraikitzen ari da. Jerusalem inguruan 114 tranbia egitea daukate adostuta, eta horietatik 90 entregatu ditu jada euskal enpresak. 2026an, gainera, Tel Aviverako 98 ibilgailu egiten hasiko da printzipioz.
Israelgo Estatua palestinarrak masiboki erailtzen eta Palestinako lurren okupazioa areagotzen ari bada ere, sionistekin dituen negozioak defendatu zituen CAFek joan den irailean. Hori guztia, gainera, Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko babesarekin egiten du. Imanol Pradales lehendakariak honakoa adierazi zuen irailean bertan: "CAFek hartuko duen erabakia errespetatuko dugu, Jerusalemgo tranbia eraikitzeko kontratuarekin jarraitzea ala etetea izan". Bestalde, Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez, Jaurlaritzak dirutza emango dio aurki CAFi. Planean zehazten da 70 milioi euro baino gehiago ordainduko dizkiola, bost onuradun nagusietako bat baita Goierriko enpresa.