ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / TV Azteca
2022/12/13 09:13

Hainbat hedabidek zabaldu dituzte irudiak berriki: pasa den urriaren 3an, Bulgariaren eta Turkiaren arteko muga igarotzen saiatu ziren hainbat errefuxiatu, eta haien kontra tiro egin zuten Bulgariako poliziek. Bulgariatik kanporatu berri zituzten. Europan asiloa eskatu nahi zuen 19 urteko gazte siriar bat zauritu zuten hala poliziek, eskuan nahiz bularrean. Zehazki, balak eskua gurutzatu zion eta bularrean sartu zen, bihotzetik oso gertu.

Berekin zihoan errefuxiatu batek grabatu zuen tiroketa mugikor batekin mugako hesitik hurbil, eta oraintsu argitaratu dituzte irudiak. Europar Batasuneko polizia-indar baten aldetik errefuxiatuen kontrako su-armen erabilera grabatzen eta erakusten duten aurreneko aldia da, dirudienez. Bulgariako autoritateek, momentuz, ukatu egin dute haien poliziek tiro egin izana. Dena den, irudietan argi ikusten da alde bulgariarretik irteten direla tiroak.

Antza, mugako funtzionarioek "modu sexualean miatu" zituzten errefuxiatu taldeko emakumeak, eta hor leher egin zuen liskarrak. Badirudi errefuxiatuetako hainbatek harriak jaurti zizkietela poliziei mugaren alde turkiarretik, eta tentsioak etengabe egin zuen gora gero, bideoan ikusten denez. Bat-batean, soinu ozen bat entzuten da; tiroketa izan zen une horretan.

"Niregana jotzeko modua oso zuzena izan zen, tirokatzeko asmo argiarekin. Haren [poliziaren] eta nire arteko distantzia oso motza zen, hamar eta hamabost metro bitartekoa, eta hiltzeko asmoz egin zuen tiro", adierazi du urrian zauritutako gazteak, zenbait komunikabidek azaldu duten modura.

Bulgaria eta Turkia bereizten dituen mugatik gertu bizi diren bizilagunek, gainera, Europar Batasunera heltzea lortzen duten errefuxiatuak "beroan itzularazten" dituztela salatu izan dute.

Gainera, oraingoan grabaketa bidez frogatu bada ere, ez da poliziak Europara heldu nahian ari diren pertsona migratzaileen kontra suzko armak erabili dituen aurreneko aldia, ezta gutxiago ere. Espainiako Estatuko Guardia Zibilak, esaterako, gomazko pilotekin eraso zien Marokoren eta Espainiaren arteko muga gurutzatu nahian ari ziren hainbat pertsonari 2014an: hamabost pertsona erail zituzten guardia zibilek. Grezian ere kostazainek behin baino gehiagotan tirokatu dituzte ontzi bidez Mediterraneoa igaro nahian ari ziren pertsonei.

NO HAY COMENTARIOS