Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak egin du jada ongietorrien auzirako zigor eskaera bat: bost urte eta zazpi hilabeteko kartzela-zigorrak eskatu ditu sei lagunentzat. Antton Lopez Ruiz Kubati, Haimar Altuna, Oihana San Vicente, Oihana Garmendia, Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio seinalatu ditu auzitegiak, antza, "erakunde kriminaleko kide izatea" eta "terrorismoa goratzeko delitu jarraitu bat egitea" egotzita.
Preso politikoei Euskal Herrian egindako harreren harira jo dute euren kontra. 2016. eta 2020. urteen artean ehundik gora ongietorri antolatzea leporatzen diete, eta iragan apirilean jakinarazi zuten aipatutako sei pertsonak epaitzea proposatu zuela Manuel García Castellón epaileak. Autoan, 120 ekitaldiri egiten zaie erreferentzia. Orain, euren kontrako ahozko epaiketa bat ireki dezatela eskatu du Carlos García Berro fiskalak.
Auzipetuentzako espetxe-zigorrez gain, neurri gehiago exijitu ditu fiskaltzak: 2021ean behin-behinean zentsuratutako Kalera Info kazeta eta horri lotutako web-orria behin betiko ixtea, preso politikoen harrerak antolatzeko ustez erabilitako gailuak konfiskatzea, eta, fiskalaren arabera, aipatutako delituak egiteko ustez erabilitako hainbat profil zarratzea (Facebookeko zazpi profil, Twitterreko bost eta Youtubeko lau kanal).
Seinalatutako sei pertsonak auzipetzeko eskaera egitean, 2018an zabaldutako auzi bat hartu zuten aurrez oinarritzat. Urte
horretan atxilotu zituzten Lopez Ruiz eta Garmendia, Miren Zabaletarekin
batera. 2020ko urtarrilean ere izan ziren hainbat atxiloketa, preso politikoen harrerei lotuta: Lopez Ruiz, Garmendia, Altuna eta San Vicente atzeman zituzten.