ACTUALIDAD / Sindicalismo
Bizkaiko autoeskoletako langileek greba eginen dute abenduan
Abenduaren 13tik 17ra deitu dute grebara langileek, patronalak negoziazio mahaian parte hartzeari berriro ere uko egin ondoren. Ekainean hasi zituzten lanuzteak.
2021eko abenduaren 1
Bizkaiko autoeskoletako langileek greba eginen dute abenduan

Beste bost eguneko grebaldira deitu dute Bizkaiko autoeskoletako langileek, patronalak negoziazioei uko egin eta hitzarmena berritzeko baldintza egokirik ez dagoela ondorioztatu ondoren. 11 urte daramatzate langileek hitzarmenik gabe; 2009an lortu zuten urtebete iraun zuen ituna, baina ordutik ez dute eskuratzerik izan.

Hala, ekainean mobilizazioei ekin eta, ordutik, hemeretzi greba egun egin dituzte autoeskoletako langileek. APAVI patronalaren blokeoaren aurrean antolatu dute hurrengo mobilizazioa, abenduaren 13tik 17ra, hain zuzen ere.

Eskaera nagusia hitzarmen berria litzateke, lan-baldintzak hobetze aldera. Besteak beste, soldata irregularizazioari aurre egiteko soldaten taulak ezartzea, lanaldiak murriztea, ordutegiak "arrazionalizatzea" eta soldaten genero-arrakala borrokatzea dira haien helburuak.