Astean zehar greba eginen dute Bizkaiko autoeskoletako beharginek

Irailaren 20tik 24ra egingo dituzte lanuzteak, hitzarmen berri baten alde. 11 urte daramatzate akordiorik gabe autoeskolen sektoreko langileek.
Argazki Nagusia
Bizkaiko autoeskoletako langileen elkarretaratzea. Argazkia: ELA
2021eko irailaren 22a

Udan zehar eginiko lanuzteen ondoren, irailean ere grebari ekin diote Bizkaiko autoeskoletako langileek; hilaren 20tik 24ra eginen dute greba. Hitzarmen berri baten alde mobilizatu dira beharginak, 11 urte eman baitituzte hitzarmenik gabe. Azken hitzarmenak 2009tik 2010era iraun zuen eta, gerora, hitzarmen berria sortzeko aukerak blokeatu ditu APAVI patronalak.

Azken horren jarrera kritikatu dute berriro langileek, aurreko hilabeteetako lanuzteek negoziazioak berrirekitzea ahalbidetu zuten arren, proposamenak "ez direla nahikoak izan" azaldu baitute. Gainera, proposamenak "lan-baldintzak eta sektorea bera erregularizatzetik eta duin egitetik oso urrun" daudela azpimarratu du ELAk.

Egoera sektorean eta aldarrikapenak

Aurreko mobilizazioetan salatu zuten bezala, irregulartasuna nagusitzen da autoeskoletako langileen sektorean. Enpresa txikiak dira gehienak eta, oro har, negoziazio kolektiboak izan baino, langile bakoitzak negoziatu behar izaten ditu lan-baldintzak.

Eredu horrek irregulartasun handiak sortu ditu eta baldintzen arteko desoreka izan du emaitza gisa. Gainera, beharginen artean "prezioen gudak" sortzen direla eta ordainsarietan irregulartasunak izaten direla —beltzean kobratzea, adibidez— salatu dute langileek.

Modu horretan, hainbat dira langileen eskaerak:

  • Soldaten taulak ezartzea, betiere erregularizaziorako eta "erosmen ahalmena berreskuratzeko". Soldatetako genero-arrakala borrokatzea ere eskatzen dute, sektoreko emakumeen —administrazio postuak betetzen dituzte nagusiki— soldata 1.000 euro gordinera ere ez baita iristen.
  • Lanaldien murrizketa, bereziki irakasleak ez diren beharginentzat. Asteko 35 lanordu izatea litzateke helburua.
  • Ordutegien "arrazionalizazioa", lanaldiak gaueko 21:00etatik aurrera luzatu ez daitezen, eta langileek 11 orduko lanaldiak izan ez ditzaten.
  • Plantillaren gaztetzea bermatzeko erretiro partzialak ezartzea.

Iruzkinak

Ez dago iruzkinik