ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Joan den larunbatean Hernanin egin zuten manifestazioaren irudia.
2021/02/01 09:34

2017ko udan, etxebizitza "oinarrizko eskubidetzat" jota, Hernaniko (Gipuzkoa) Jauregi auzoko Hego Haizea etxea okupatu zuten hainbat militante politikok. "Proiektu kolektibo bat garatzea" zen haien asmoa. Etxea berregokitzeko lanei ekin zieten; izan ere, hamar urte baino gehiago zeramatzan hutsik etxeak.

Eraikinaren legezko jabeak "zirrikitu legalak" baliatu zituen huste prozesua azkartzeko, Hernaniko gazte horiek jakinarazi dutenez; hala, etxea birjabetu eta hamar egunera izan zen desalojoa. Ia lau urteko instrukzio fase baten ostean, okupazioa aldarrikatzeko kanpaina politikoa jarri du martxan Hernaniko Gazte Asanbladak, baita bihar epaituko dituzten kideei elkartasuna adierazteko ere.

Okupazioa aztergai

Etxejabe handien paperari azpimarra egiteaz gain, Hernaniko Gazte Asanbladako kideek nabarmendu dute "beste aktore batzuek ere parte hartzen" dutela "okupazioaren aurkako errepresioan eta kriminalizazioan". Alde batetik, "alderdi politiko burgesen" babesa dutela adierazi dute, eta "okupazioaren aurka egiteko marko legala berritzeko" ardura hartzen dutela.

Bestalde, azken urteetan "nabarmen" hazi diren "desokupazio" enpresak bide legalaren "geldotasunari" aurre egiteko jaio direla diote, eta "okupazioaren aurkako mugimendua faxisten gotorleku" izatera igaro direla ere ohartarazi dute, "proletalgoaren aurkako gorrotoa biderkatuz" horren bidez.

Sektore ezberdinen arteko "aliantza" horren aurrean, "espazioen gaineko langile kontrolaren alde lerratzea" ezinbestekoa dela uste dute, "etxebizitza duina bermatzeko" eta "langileriak lan politikoa aurrera eraman ahal izateko azpiegiturak" izateko. Hori dela eta, Hernaniko Gazte Asanbladak okupazioaren zilegitasuna aldarrikatu du, eta epaituko dituzten kideen absoluzioa exijitu du.

Mobilizazioa larunbatean

Auzibidea salatzeko nahiz auzipetuak izan diren kideen absoluzioa eskatzeko manifestazioa egin zuten joan den larunbatean, Hernanin. Jende ugari elkartu zen, eta "okupazioa delitua ez dela" izan zuten aldarri.

NO HAY COMENTARIOS