Espainiako Gobernuak abendu amaieran sartu zuen indarrean musukoen erabilerari buruzko dekretu berri bat; horren arabera, aire librean ere derrigorrezkoa da maskara janztea, gutxieneko segurtasun-distantzia mantendu arren. Bihar, otsailaren 1ean, dekretua aztertuko dute Espainiako Diputatuen Kongresuan; hala, dekretua baliozkotu edo atzera botako dute talde politikoek, boto bidez.
Hainbat taldek adierazi dute ez dutela dekretua babestuko, esaterako, Alderdi Popularrak, Ciudadanosek eta Voxek. Horren aurrean, gobernuak hainbat neurri gehitu dizkio dekretuari, modu horretan talde politikoek baiezkoa errazago emango diotelakoan.
Dekretuan erantsitako artikulu berriek ez dute zerikusirik musukoaren erabilerarekin. Besteak beste, pandemiarekin lotuta dauden osasun-lanetan "laguntzen" ari diren pentsiodunei —aurretik erizainak edo medikuak izandakoak, adibidez— eragingo liekete zenbait artikuluk. Horien bidez, osasun-lan horietan aritzea eta pentsioa jasotzea "bateragarriak" izango lirateke 2022ko abenduaren 31ra arte.
Urtarril hasieran jakinarazi zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erretiratutako beharginengana jo zuela Osakidetzak, kolapso sanitarioa zela-eta, kontratatu eta lan egin zezaten. Espainiako Gobernuak berriki onartua zuen aukera hori legeztatzeko dekretua, pentsioak mantenduta, erretiratutako langileek osasun-lanetan jardun zezaten. Hori luzatuko litzateke bihar aztertuko duten dekretuak jasotzen dituen artikulu berriekin, esan bezala, urte honen amaierara arte, gutxienez.
Azpimarratzekoa da, gainera, Osakidetzak doan lan egiteko eskatu ziela aurreko urte amaieran osasun-langile egoiliarrei.
Espainiako Gobernuaren dekretuan gehitu duten beste artikuluetako batek dio, bestalde, apirilaren 1ean egingo liratekeela pentsioei lotutako zenbait ordainketa. Gutxieneko pentsioak, kotizaziorik gabeko pentsioak eta alargun-pentsioak jasotzen dituztenei ordainketa bat egitea litzateke asmoa; hain justu, Kontsumitzailearentzako Prezioen Indizearen igoera aplikatuz gero pentsiodunek jaso beharko luketen zenbatekoa ordainduko liekete.