ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/01/12 12:10

Iruñean (Nafarroa) epaitu zuten iazko abenduan Black Marfil rap abeslaria, bere kantuetako letrarengatik. Udaltzainei eta haien familiei "mehatxu kolektiboak" egitea leporatzen zioten artistari, eta akusazioa ontzat eman du epaileak: 25 hilabeteko espetxe-zigorra jarri dio abeslariari. Gainera, bere Youtubeko kanala ixtea agindu du eta datozen hiru urteetan antzeko zabalpen-bideak erabiltzea debekatu dio. Epaiari helegitea jartzeko aukera dauka orain akusatuak.

Zehazki, Fuck a Cripa 02 nahiz Atraco abestiak zirela-eta auzipetu zuten Black Marfil. "Corre, sinpa [sin pagar], matar al hijo de un munipa" dio kantuetako batek, eta "Si matas a un policía, matas a cinco" besteak.

Akusazioa egitean, fiskaltzak argudiatu zuen abeslariak "bere abestian zer esaten zuen bazekiela eta mehatxuzko zein larderiazko jarrera bat hartzen" zuela, bideoklipetako bati erreferentzia eginda. Polizia-indarrarekiko "gorrotoarekin" lotu zituen letrak, gainera. Valtònyc rap abeslariaren kasua (bere letrengatik epaitu eta zigortu zuten hura ere) gogorarazi zuen fiskaltzak, eta adierazi zuen bi kasuetan "gainditzen" direla "adierazpen askatasunaren mugak".

Zigor Kodeko 170. artikulua hartu omen du oinarri modura Iruñeko epaileak. Artikulu horren arabera, akusatu bat zigortu daiteke "delitu den gaitz baten mehatxuak herri, talde etniko edo kultural, kolektibo sozial edo profesional bateko biztanleak beldurtzeko badira, eta hori lortzeko behar den larritasuna badute".

NO HAY COMENTARIOS