ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / bilbaoport.eus
2026/02/11 08:23

Lan-baldintzak hobetzearen aldeko mobilizazio eta negoziazio-prozesu bete-betean, amarradoreei erasotzearen alde egin dute Bilboko Portuko enpresek: bina langile bidali dituzte kalera Amarradores Puerto de Bilbao eta Segemar konpainiek. Kaleratzeei ezetz esateko, mobilizazio bat antolatu dute beharginek: ostegun honetarako jarri dute hitzordua Portugaleten (Bizkaia), 19:00etan Canillako iturriaren parean. "Erasoen aurrean tinko. Gure eskubideen defentsan, kalitatezko lanaren alde, duintasunaren alde eta, batez ere, gure lankideen alde", adierazi dute amarradoreek sare sozialen bidez.

Atzo bertan eman zuten bi kaleratzeen berri. Amarradores de Bilbao enpresakoa da kanporatutako langileetako bat, 30 urtez jardun duena bertan eta ordezkari sindikala gaur egun. Bigarren kaltetua, berriz, Segemar enpresakoa da, "beteranoa" bera ere, beharginen hitzetan. Argitu dute gerentzia bera dutela bi konpainiek, eta "erasoak hainbat baliabideren bidez heltzen" ari diren arren, horiei aurre egitera deitu dute. Uste dute, hala, hasitako borrokagatik jo dutela euren kontra enpresek, eta ezarri nahi dieten "beldurraren politika" gaitzetsi dute.

Iazko abenduan ekin zieten mobilizazioei eta lanuzteei Bilboko amarradoreek, lan-baldintzen prekarizazioaren aurka. Izan ere, jakinarazi zuten baldintzak okerragotu nahi dituela gerentzia berriak (P&O Reyser), urtean 2.000 egunetik gorako lanaldia inposatuz, gauez eta jaiegunetan lan gehiago egitera behartuz, baja-eskubidea murriztuz, oporrak gutxituz eta aldi baterako kontratuak okerragotuz, adibidez. Negoziazioa zabalik dago oraindik.

NO HAY COMENTARIOS