ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / El Salto
2023/03/15 10:17

Hainbat mugimendu sozialetan infiltratutako polizia-agente bat atzeman dute Madrilen, El Salto-k jakinarazi duenez. Mavi nortasun faltsua erabilita, Espainiako Poliziako soldatapekoa iazko azaroan jarri zen harremanetan La Animosa Zentro Sozial Okupatuarekin (CSO, gaztelerazko sigletan), "justizia klimatikoari" buruzko ekimen bat antolatzeko ustezko interes batek mugituta. Astebete beranduago, Hortaleza Fighters Gimnasio Herrikoira jo zuen agenteak; La Animosaren parte da proiektu hori ere.

Zenbait arrazoi zirela-eta, La Animosak ezezkoa eman zion "Mavik" proposatutako ekimenari. Zentroko kideek azaldu zutenez, baina, bat-bateko interes bat erakutsi zuen espazioak barne hartzen zituen gainontzeko proiektuen inguruan, eta gimnasiora maiz bertaratzen hasi zen. La Animosako kideengana modu tematian hurbildu zen, lausenguen bidez "konfiantzazko-harremanak" sortu nahian, El Salto-ri jakinarazi dioten modura. "Mavik" kontaktu-kiroletan erakutsi zuen erraztasunak ere euren arreta deitu zuen.

Bere ustezko bizitza pertsonalari buruz hitz egitean, eta CSOko kideek berekin elkarrizketa gehiago izan ahala, konturatu ziren zenbait kontu ez zetozela bat. Hiru hilabete inguruz izan zen "Mavi" La Animosa inguruan, baina hango kideen susmoak handitu ahala, berekiko segurtasun-neurriak hartu zituzten.

La Animosarekin harremanetan jartzeko erabili zuen Instagram kontua topatu dute, baina ez da profil bakarra: kontu gehiagok daramate agente horren argazkiren bat, beste izenen batekin. Gerora jakin dute "Mavik" 2022ko maiatzean gainditu zuela Espainiako Poliziako agente izateko prozesua.

CSO horretara hurbiltzeaz gain, gutxienez aurreko asteburura arte zelatatu du Extinction Rebellion izeneko mugimendua ere. Hainbat hiriburutan jarduten du mugimendu horrek, "justizia klimatikoaren" alde. "Mavik" irailean ekin zion mugimendu horretan parte hartzeari, Madrilen, eta urrian edo azaroan ere hurbildu zen. Mugimenduko kide batek El Salto-ri helarazi dionez, bere etxean izan zen polizia-agentea bilera batean.

Jarrera aldaketa

La Directa-k Bartzelonako polizia infiltratu baten kasua argitara atera zuen urtarrilean, eta, orduan, "Maviren" jarrera aldatu egin zela diote La Animosako kideek. Ia erabat desagertu zen espaziotik, eta harremanetan jartzeko erabili zuen Instagram kontua ezabatu zuen, besteak beste.

NO HAY COMENTARIOS