Beste langile bat lan-istripuz hila, Berriobeitiko rokodromoan
— ARGAZKIA Foruzaingoa

Beste lan-heriotza baten berri eman zuten atzo Euskal Herrian. 51 urteko langile atarrabiar bat da biktima: Berriobeitiko (Nafarroa) rokodromoko teilatuan mantentze-lanak egiten ari zela, hautsi egin zen pabiloiko estalkia, eta lurrera amildu zen gizona. Bertan galdu zuen bizia.

LAB sindikatuak emandako datuen arabera, 2025ean, gutxienez behargin bat hil zen Nafarroan, lanean ari zela, altuera batetik erorita. 2024an, baina, lau izan ziren modu horretan bizia galdu zutenak.

Joan den astelehenean, beste lan-heriotza bat erregistratu zuten Bergondan (Araba): leherketa bat izan zen FML piroteknia-enpresan, eta bertan zendu zen langileetako bat. Urtea hasi zenetik, Euskal Herrian, gutxienez zazpi behargin hil dira soldatapean lanean ari zirela.