Atzo iluntzean, 19:30ak aldera, lan-istripu larri bat izan zuen langile batek Trapagaranen (Bizkaia). Behargina harrapatuta geratu zen Ugarte industriaguneko lantoki bateko atean, eta larriki zauritu zen. Osasun-arretako langileak bertaratu ziren arren, hil egin zen zauritua. 29 urte zituen, eta Iveco Bomloy enpresarentzat jarduten zuen soldatapean.
Egun berdinean, bizia galdu zuen garraiolari batek, gidatzen ari zen kamioiak Santurtzin (Bizkaia) su hartu ostean. Urtarrilaren 9an, beraz, bi behargin hil ziren soldatapean lanean ari zirela. Euskal Herrian, 2024a hasi zenetik argitara atera diren aurreneko bi lan-heriotzak dira.