ACTUALIDAD / Sindicatos de vivienda
Beran, hiru pertsona etxegabetuak izateko arriskuan daudela salatu du METAk
Lan egiten zuten tabernako jabeak berralokatu zien etxea, baina lanetik bota zituenetik, etengabe jazarri ditu: argia eta gasa moztu dizkie, haien eta pertsona etorkinen aurkako difamazioa erabili du, haiek etxetik botatzen saiatu da, eta, lortu ez duenean, epaitegietara jo du. Apirilaren 30erako dago ezarrita desalojoa.
2026eko apirilaren 17 - 07:32
Beran, hiru pertsona etxegabetuak izateko arriskuan daudela salatu du METAk

Beran (Nafarroa) hiru pertsona etxegabetu nahi ditu beren errentatzaileak, Mendialdeko Etxebizitza Taldeak (META) salatu duenez. Agerraldi baten bidez eman du egoeraren berri: maizterrek urte eta erdi inguru daramate etxe batean bizitzen, ahozko akordio baten bidez. Izan ere, herriko taberna batean egiten zuten lan, eta tabernaren jabea da etxea alokatzen diena, berralokairuan: soldatatik kentzen zien ustez alokairuari zegokion zatia. Beharginak lanetik kanporatu zituenetik, ordea, haiek etxetik ere bota nahian ari da nagusia.

METAk azaldu du Berako taberna aski ezagun bateko jabea dela jazarlea, eta egoera administratibo irregularrean dauden pertsonak direla maizterrak. Nagusiaren partetik jasaten zituzten presioaren eta jazarpenen ondorioz, iaz lana utzi behar izan zuten azkenean. "Egiazki kaleratze bat izan zen, indemnizaziorik eta kaleratze-gutunik gabe", seinalatu du Etxebizitza Taldeak. Eta jarraitu du: "Lan-harremana bukatu ondotik, maizterrek etxean segitu eta alokairua ordaintzen jarraitu nahi izan zuten bertze alokairu bat aurkitu bitartean, baina errentatzaileak uko egin zion dirua jasotzeari". 

Kaleratzea salatzeko bide legaletara jo zuten kaltetuek, baina nagusi eta errentatzailearen jarrera are gehiago okertu zen orduan. Erasoak hala zerrendatu ditu METAk: "Legez kontrako etxegabetzea bere kabuz gauzatzen saiatu zen; argia eta gasa moztu zizkien; langileek herriko bertze tabernetan lana eskuratzerakoan, haiek kontratatu ez zitzaten interbenitu du, egoera intoxikatuz eta atzerritarren kontrako diskurtso kriminalizatzailea hedatuz", eta abar. Hala ere, bere asmoak bete ez direla ikustean, epaitegietara jo du hiru maizterren aurkako desalojo-prozesuari ekiteko, "gezurrez estalitako errelatu interesatu bat zabalduz". Apirilaren 30erako dago finkatuta etxe-kaleratzea.

"Abusu bikoitzaren aurrean gaude", METAren esanetan: "Errentatzaile eta nagusi denak, inpunitate osoz jokatu du haren maizter eta langile zirenen kontra, herrian langile atzerritarren kontrako diskurtso erreakzionario eta kriminalizatzaileak hedatzearekin batera". Horiek horrela, "ideia errekzionario horiek konfrontatu eta klase-elkartasuna ehuntzera" deitu du.