Joan den asteartean, langile bat hil zen Gurutzetako Ospitalean (Barakaldo, Bizkaia), lan-istripu baten ondorioz. Arrigorriagako (Bizkaia) Txako industriaguneko Conformados Facme enpresan izan zuen ezbeharra: objektu astun batek jo zuen sabel aldean, eta larri zauritu zen. Ordu batzuk beranduago zendu zen.
51 urte zituen beharginak, eta 22 urteko antzinatasuna zuen, ELA sindikatuaren esanetan. LAB sindikatuak seinalatu duenez, "enpresak makinen araudia ez betetzeagatik" gertatu zen lan-istripua.
Iragan astelehenean, bestalde, bi langile zauritu ziren Amurrioko (Araba) Tubos Reunidosen, horietako bat oso larri. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) jarraitzen du.
Iturri sindikalen arabera, urtea hasi zenetik, Euskal Herrian zortzi behargin hil dira soldatapean lanean, lanera bidean edo lanetik bueltan.