ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / barakaldo.eus
2024/11/22 10:44

Barakaldon (Bizkaia), udalak jakinarazi du bi drone emango dizkiola udaltzaingoari, "zainketa, kontrol, jarraipen eta prebentzio" lanak indartzeko. Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Angel Madrazoren esanetan, bi agente prestatu dituzte droneak erabiltzeko eta gidatzeko, Mars Seguridaden trebatutako polizia-irakasle baten eskutik.

"Tresna horien bidez, zainketa-lanak egin ahal izango dira espazio publiko handietan, trafikoa eta jende-pilaketa handiko ekitaldiak kontrolatu ahal izango dira, eta bilaketa- eta erreskate-lanak egin ahal izango dira mendian, adibide batzuk jartzearren", adierazi du Madrazok.

Barakaldoko Udalaren arabera, hainbat kamera dituzte erositako droneek, horietako bat termikoa. Gailu horiek erabiltzeko, polizia-indarrek ez dute behar Aire-Segurtasuneko Estatu-Agentziaren (AESA, gazteleraz) baimenik. Itxas-Salbamenduak, Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak badituzte droneak euren baliabideen artean, besteak beste.

Udaltzaingoaren baliabideak areagotzeko asmoa erakutsi du berriz Madrazok, eta azaldu du horretarako 1,5 milioi euroko inbertsio bat egin duela udalak jadanik. "2025erako plantilla handitzea espero dut, 1.000 biztanleko 1,8 agenteko ratiora iritsi ahal izateko, Barakaldoko auzo guztietan patruila iraunkorrak egon daitezen", gaineratu du: "Ratio hori gomendatzen dute erakunde nazionalek eta nazioartekoek".

NO HAY COMENTARIOS