Gutxienez bi lan-istripu jazo dira Nafarroan azken egunetan. 41 urteko langile batek Mutiloako industrialdean izan zuen istripua atzo, abenduaren 4an, larrialdi-zerbitzuek jakinarazi dutenez. Goizeko 09:20ean izan zen: hodi batzuen artean harrapatuta geratu zen behargina eta, horren ondorioz, konpresio torazikoa jasan zuen. Nafarroako Unibertsitate Ospitalera lekualdatu behar izan zuten, lesioen larritasuna zela-eta.
Astelehenean, bestalde, garraiolari batek izan zuen istripua Valtierran. Bi kamioik talka egin zuten aurrez aurre, N-121 errepidean, eta gidarietako bat zauritu egin zen. Tuterako ospitalera eraman behar izan zuten, hanketako batean pairatutako kontusioa zela-eta.
Lan-istripuak Hego Euskal Herrian
Garraioa, industria eta eraikuntza dira lan-istripu gehien erregistratzen dituzten sektoreak. Osalanen datuen arabera, EAEko eraikuntza sektorean 4.109 lan-istripu jazo ziren iaz, eta hamar langile hil ziren euren lanpostuan edo in itinere. Industrian 10.648 istripu izan ziren eta bederatzi langilek galdu zuten bizia, eta garraioan gutxienez hemezortzi behargin hil ziren EAEn, soldatapean lanean ari zirela.
Nafarroan, berriz, lau garraiolari hil ziren iaz lan-istripuz, eta beste bost langile errepideko bestelako ezbeharretan, erregistroen arabera. Eraikuntzan gutxienez bi izan ziren hildakoak, eta industrian beste bi langilek galdu zuten bizia 2023an. Osotara, 6.360 lan-istripu zenbatu zituzten Nafarroan, eta, sektoreei dagokienez, eraikuntza eta industria izan ziren hilgarrienak.