ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Autocacion.com
2025/03/03 13:26

Europako Batzordeak automobil-industriarako ekintza-plan bat aurkeztuko du asteazken honetan, nazioarteko lehiakortasuna bermatzeko eta indarrean dagoen araudia berrikusteko premiazko neurri batzuekin. Ekimenak sektoreko ekoizleen eta elkarteen kezkei erantzuten die antza, CO2 isuriei dagokienez ezarrita dauden helburuen eragin negatiboaz ohartarazten baitute, besteak beste. Auto Fabrikatzaileen Europako Elkartearen (ACEA) arabera, CO2 emisioei lotutako eskakizunak malgutzen ez badira, 16.000 milioi eurorainoko isunak jar diezazkiekete sektoreko markei, nahiz eta Bruselak 5.000 milioira jaisten duen kantitate posible hori.

Plan berriaren funtsezko puntuetako bat izango omen da CAFE deituriko araua aldatzea. Izan ere, arau horrek ezartzen duenaren arabera, 2025ean Europar Batasunean saldutako autoen batez besteko isuriek ezingo dute gainditu 93,6 gramo CO2-ko muga, kilometro bakoitzeko. Espainiako Estatuan, 2024ko batez bestekoa 119 gramokoa izan zen, eta horrek zaildu egingo luke helburu horretara ondorio ekonomikorik izan gabe iristea. Neurri posibleen artean dago pixkanaka inplementatzea 2025erako finkatutako helburuaren %90 eta 2026rako helburuaren %95; baita 2025-2029 aldirako batez besteko betetze-mekanismo bat ezartzea ere, urte desberdinen arteko konpentsazioak baimenduz.

Testuinguru globalak ere eragina du, jakina, Europar Batasunaren estrategian. Europako automobilgintzak Txinaren (%35erainoko muga-zergak ezarri dizkiote Batasunean) eta Estatu Batuen (Donald Trump presidente ohiak Europako autoei %25eko muga-zerga ezartzeko asmoa iragarri du) arteko lehiari aurre egin behar dio. 2022an, Europar Batasunak 740.000 ibilgailu esportatu zituen AEBetara 37.400 milioi euroko prezioan, eta bigarren merkatu handiena izan zen. Bruselaren politiken berrikuspenak, beraz, "trantsizio ekologikoa" izenpean ezagutzen diren politikak sektorearen egonkortasunarekin "orekatzea" du helburu; izan ere, sektoreak 13 milioi langile enplegatzen ditu Batasunean.

NO HAY COMENTARIOS