ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/09 09:07

Espainiako Bigarren Errepublika indarrean sartu eta gutxira jo zuten grebara Pasaiako (Gipuzkoa) arrantzaleek, euren lan- eta bizi-baldintzen defentsan. Nagusiki, ondoko aldarriak egin zituzten: Sole Handira arrantzara joaten ziren langileek hilabetean 300 pezeta irabaztea, astean atsedenerako jaiegun bat izatea, eta lanaldia hamabost ordukoa baino luzeagoa ez izatea. Patronalak eskari horiek atzera bota ondoren, langileek grebara deitu zuten Maiatzaren Lehenerako, eta Errepublikako Gobernua bitartekari- eta zubi-lanak egiten ahalegindu zen arren, euren aldarriei gogor heldu zieten arrantzaleek. 

1931ko maiatzaren 27an ere greba egin zuten, eta martxa bati ekin zioten Pasaian (Gipuzkoa), Donostiarako (Gipuzkoa) bidea hartuta. Armada topatu zuten Mirakruz gainean, baina aurrera egiten utzi zien langileei. Ategorrietako Erlojura heldu zirenean, ordea, Guardia Zibila zeukaten zain. Bigarren Errepublikaren aginduen pean zegoen polizia tiroka oldartu zen grebalarien kontra, eta zazpi erail zituen. Beste 33 langile zauritu zituen, gainera.

Langile memoria

Datorren maiatzaren 27an beteko dira 92 urte Ategorrietako sarraskitik, eta aurten ere memoria ariketa bat egingo dute Donostiako eta Oarsoaldeko Kontseilu Sozialistek. Urteurren egunerako ekitaldi politiko bat antolatu dute Trintxerpen, Haien memoria berreskuratuz, sozialismoa eraiki lelopean. Trintxerpeko plazan jarri dute hitzordua eguerdiko 12:00etarako.

"Gertatutakoa gogora ekarri eta langile haien borrokak gure oroimenean bizirik jarraitzen duela adierazi nahi dugu", esan dute bi Kontseilu Sozialistetako kideek: "Politika burgesak memoria historikoaz egiten duen erabilerari kontrajarriz, aurreko belaunaldietako langile borrokaren irakaspenak egungo adierazpen praktiko iraultzaileekin lotzeko ardura dugu". "Historiaren hari gorria ehunduz, prozesu iraultzailea azken muturreraino eramatea izango da eroritako militantei justizia egiteko berme bakarra", gaineratu dute.

Aurreko bi urteetan ere egin dituzte sarraski horri loturiko ekitaldiak Kontseilu Sozialistek. Iaz, gainera, liburuxka bat argitaratu zuten, 1931ko gertakariak jasotzen dituena.

NO HAY COMENTARIOS