Aurreko asteazkenean, Frantziako Gobernuaren eta murrizketen aurkako mobilizazio-egunean, ia 500 lagun atxilotu zituzten Frantziako Estatu osoan. Baionako (Lapurdi) blokatze-ekintzetan, hamar pertsona atxiki zituen Poliziak nortasun-kontrolak egiteko eta sei pertsona hartu zituen atxilo.
Haietako bi datorren astelehenean epaituko dituzte, Berria-k jakinarazi duenez. Epaiketa azkarra eginen diete, nahiz eta biek azaldu duten judizioa atzera dadila eskatuko dutela. Hasieran, epaiketa izan bitartean biak kartzelara zitzatela galdegin zuen fiskaltzak, baina ez zuen eskaera onartu epaileak: kontrol judiziala ematea erabaki zuen. Frantziako Estatuko lurraldetik irtetea, mobilizazioetan parte hartzea eta arma bat eramatea debekatu die momentuz.
Asteazkenean atxiloturiko hirugarren pertsona bat, berriz, urtarrilean epaituko dute Baionan. Hari ere kontrol judiziala ezarri diote bitartean, eta ezingo du Pirinio Atlantikoetako departamenduan egindako manifestazioetara batu.
Zirkulazioa trabatzea, aurpegia estaltzea edo aztarnak emateari uko egitea egozten diete hirurei, Mariel Garrigos prokuradorearen esanetan. Gainera, Poliziari eraso izana leporatzen diote haietako bati, labana bat eramatea beste bati, eta jazarpena egin izana azkenari.