Aurten bete dira 100 urte Vladimir Ilich Ulianov Lenin hil zela. Urteurren seinalatua eta garrantzitsua da mundu osoko komunistentzat; bai Lenini berari aitortza egiteko, bai langile-klasearen emantzipaziora bidean egindako ekarpena eta lorpenak aitortzeko. Horri lotuta, Ikerketa Sozialisten Institutuak (ISI) beharrezkotzat jo du Leninen lan teorikoa ere aldarrikatzea, eta asmo horrekin antolatu du bere teoria iraultzaileari buruzko kongresu bat.
Bilboko (Bizkaia) Euskalduna Jauregian izango da Lenin 1924-2024: teoria iraultzailearen gaurkotasuna izeneko kongresua, aste honetan bertan. Institutu marxistak sei eztabaida-mahai antolatu ditu, bi egunetan banatuta egiteko. Apirilaren 19an, ostiralez, lau saio egingo dituzte egun osoan zehar. Apirilaren 20an, larunbatez, bi saio izango dira. Eztabaida-mahaietan parte hartuko dute, hain zuzen ere, nazioartean aritzen diren zenbait akademikok, baita Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako (EHKS) hainbat militantek ere.
Pentsamendu eta proiektu iraultzailearen gaurkotasuna
ISIko kideek azaldu dutenez, "Leninen pentsamendu iraultzailearen gaurkotasuna" aldarrikatzeko kongresu bat izango da; baita "bere borondate eta proiektu politikoaren gaurkotasuna" erreibindikatzekoa ere. Kongresuan, hain zuzen ere, "pentsamendu hori guztia eguneratzen" saiatuko dira, "eztabaidaren bidez" eta "aktualitateko hainbat auzi" landuta.
Beraz, asmoa izango da Leninen obra eta borondate iraultzailea mahaira ateratzea, baina "aktualitateko auzietatik abiatuta eta pentsatuta". Horrek guztiak berekin dakar, ISIren esanetan, aitortzea "Leninen pentsamenduak eta proiektuak gaurkotasuna izaten eta indarrean egoten" jarraitzen dutela, eta horri lotuta lantzea horien "indarguneak eta ahultasunak". Horren eskutik etorri beharko luke, "gaur egun, Leninen pentsamendua zer izango litzatekeen ulertzea"; alegia, zer den "harengandik irauten duena".
Gaur egungo mugimendu komunistaren zereginak eta eztabaida bat irekitzea
Institutu marxistak argitu duenez, "kongresuan landuko diren auzi teoriko ugarik daukate harreman zuzena gaur egungo mugimendu komunistaren eginbehar iraultzaileekin eta erronkekin". Hori dela-eta, funtsezkotzat jo du, ez soilik Lenin bezalako iraultzaileen "pentsaera gaurkotzea", baizik eta baita "gaur egungo arazoen inguruan pentsatzea ere", eztabaidaren bidez.
Ariketa horretan, azpimarra egin dio "nazioartean harremanak ehuntzearen" garrantziari. Izan ere, ISIk iritzi dio ezinbestekoa dela auzi horiek guztiak lantzeko "eztabaida bat irekitzea nazioartean"; "elkarrizketaren, nazioarteko harreman politikoen eta ildo politiko komunistaren hedapenaren" eskutik.
Sei eztabaida-mahai, nazioarteko gonbidatuekin
Beraz, jatorri leninistako hainbat problematika izango dituzte eztabaidagai asteburuko kongresuan, zenbait gonbidaturen eskutik. Ostiralean, 09:00etan hasiko da lehen saioa: Boltxebismoaren gaurkotasuna. Lars Lih, Jodi Dean eta Susasn Weissman arituko dira hitzaldian. 12:00etan ekingo diote bigarren eztabaida-mahaiari Helena Sheelan eta Kevin B. Anderson adituek, eta aztergai izango dute Lenin eta Hegelen Logikaren Zientzia.
Gero, ordu eta erdiko atsedenaldi baten ostean, 16:00etan hasiko dira arratsaldeko saioak. Ordu horretan, Robert Brenner eta Marcel van der Linden arituko dira: Kapitalaren metaketa-zikloak eta klase-borroka landuko dituzte. Amaitzeko, 19:00etatik aurrera, galdera indartsu bati erantzuten saiatuko dira Daniel Gaido, Beverly Silver eta Alex Callinicos: Balio al du inperialismoaren teoria leninistak gaur egungo garaia ezaugarritzeko?
Hurrengo egunean, larunbatean, 09:00etan hasiko dira berriz eztabaida-mahaiak. Fabio Frosini eta Wolfgang Fritz Haug gonbidatuen hitzaldia izango da lehenengo: Nola heltzen dio komunisten estrategia iraultzaileak ekoizpen-indarren eta ekoizpen-erlazioen arteko dialektika historikoari? Horren ondoren, eta bi eguneko kongresua biribiltzeko, EHKSko militanteek egingo dute azken saio bat: Alderdi marxista iraultzailearen kontzeptua.
ISIk streaming bidez emango ditu eztabaida-mahai guztiak, eta bere sare sozialen bidez (@Isinstitutua X sare sozialean) emango du horietarako loturen berri.
ISIren lana
Aurtengo urtarrilean aurkeztu zuten Ikerketa Sozialisten Institutua; EHSKren ikerketa aurreratuen erakundea, hain justu. Bi helburu nagusi ditu ISIk: "Estrategia Sozialista Berriaren funtsatze teorikoan aurrera egitea", eta "EHKSren ildo politikoa taktikoki zehazteko euskarri zientifikoa izatea". Bide horretan antolatu du aste honetako kongresua, eta Ikerketa Estrategikoak argitaratzeari ere ekin dio. Joan den martxoan aurkeztu zuen bere lehen Ikerketa Estrategikoa: hurbiltze-saio bat egin zuen Euskal Herriko klase sozialen kuantifikaziora, "proletariotzaren eta proletarizazioaren gaineko analisi" baten barruan.
ISIren web-orrian dago ikusgai aurreneko Ikerketa Estrategikoa, eta hor plazaratuko ditu hemendik aurrerako argitalpen guztiak.