ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/01 12:52

Raimundo El Canasteroren absoluzioaren ondoren, gaurkoan ere albiste onak Lizarran (Nafarroa): artxibatu egin dute Bajadikako 27en kontrako auzia, eta ez dituzte epaituko momentuz. Udalak helegitea jartzea erabakitzen badu, berriz ere aurrera egin dezake prozesuak, baina oraingoz "poztasunez" hartu dute albistea Lizarrako auzipetuek. "Hilabete hauetan jasotako laguntza guztia" (maiatzeko protesta jendetsua kasu) eta "beste kausa errepresibo batzuetan inplikatutako pertsonen elkartasun-mezuak" eskertu dituzte: "Horrelako egoerak gure herritik haratago doaz eta logika autoritario orokor bati erantzuten diote".

Bajadikako 27ek oroitarazi dute "udalaren erabaki autoritarioen aurka protesta egiteagatik" auzipetu zituztela; 2024ko Puyko Bajadikan, UPNk txosnei jarritako debekua salatzeagatik hain zuzen ere. "UPN buru duen udala, hiru polizia-indarrak (udaltzaingoaren protagonismoarekin), eskuin erreakzionarioaren artilleria mediatiko guztia eta protesta politikorako eskubidea erasotzea helburu duen legedia epaiketa bat eragiten saiatu dira", ohartarazi dutenez. Horiek horrela, esan dute ez dutela "gertatutakoa ahazten".

UPN, abokatuak eta udaltzainak

Auzipetuek seinalatu dutenez, UPNk "sare sozialetan behin eta berriz mezu ultrak bidaltzen dituen abokatu bat diru publikoarekin ordaindu duen bitartean", haiek "ahalegin pertsonalarekin ordaindu" behar izan dute haien aurkako auziko defentsa. Eta nabarmendu dute, bestalde, "argi geratu" dela Lizarrako Udaltzaingoaren "asmo jazartzailea".

"Epaileak berak adierazi du ez duela ulertzen une horretan [Bajadikan] zeuden ehunka pertsonen artean 27 pertsona horiek aukeratzeko arrazoia", azaldu dute lizartarrek. Uste dute, ordea, hori ez dela "kasuala"; kontuan hartuta "gure kideetako asko herriaren gizarte-ehunean inplikatutako pertsonak direla" eta "horrelako prozesuek inplikazio hori zigortzea eta inplikatu daitezkeenak beldurtzea bilatzen dutela".

Bajadikakoek gogora ekarri dute, gainera, haietako bati eraso ziola maiatzean Marta Ruiz de Alda alkateak, kalean zaplasteko bat emanez; eta bere alderdi UPNk "buloak zabaldu" zituela gertakari horien harira.

Askatasun politikoen defentsan

Artxibatzearen berri ematearekin batera, 27 auzipetuek hainbat erreibindikazio egin dituzte berriz ere: instituzioen aurka protesta egiteko eskubidea, adierazpen-askatasuna eta txosnak gauzatzeko eskubidea aldarrikatu dituzte gaurkoan, eta horien defentsan lanean jardungo dutela jakinarazi dute.

NO HAY COMENTARIOS