Aurreko ostiral arratsaldean, Lizarrako (Nafarroa) udaletxe aurrean elkarretaratu ziren ehunka pertsona, Bajadikako prozesua eten. Autoritarismoari ez! lelopean. Izan ere, aste honetan deklaratu beharko dute iazko Puyko Bajadikaren harira: maiatzaren 22tik 23ra bitartean egin beharko dituzte adierazpenak epaile baten aurrean, "desordena publikoak" eragitea egozten baitiete.
Lizarrako Udala (UPN) aurreko urtean saiatu zen herriko txosnagunea debekatzen. Hala, iazko Bajadikan, txosnen kontrako debekua eta udalaren jarrera autoritarioa salatzeko mobilizatu ziren bizilagun ugari. Protesta zela-eta, ordea, prozesu judizial bat ireki zuten, eta 27 lagun daude ikerketapean. Hori gutxi balitz, Raimundo el Canastero musika-taldeko kideak epaituko dituzte asteazken honetan, udalaren debekua eta autoritarismoa salatzeko egindako Beef D'Alda kantagatik.
Bajadikako 27ak plataformak "prozesuaren burokraziaren atzean ezkutatzen den indarkeria" gaitzetsi du; baita "protestarako eta mobilizaziorako eskubide politikoa" eta "jai-gune autogestionatuak" aldarrikatu ere. Beraz, prozesua bertan behera gera dadila exijitzen dute, eta "pertsona bakar batek ere ez dezala inolako ondorio ekonomikorik edo penalik jasan, Lizarrako Udaleko gobernu-taldearen erabaki autoritarioen aurka protesta egiteagatik".