Ekimen indartsu baten berri eman du gaurkoan Ekida Arte Ekimen Sozialistak. Arte Eskola Sozialista jarri du martxan, eta uztailean izango da aurreneko edizioa, Donostiako (Gipuzkoa) Zentro Sozialistan. Ekidak azaldu duenez, "artisten formakuntza tekniko eta politikorako" espazio bat izango da eskola: "Borondate politiko iraultzaileko artisten elkargunea izateko helburua du, gaitasun artistikoen garapena sustatzeko, jakintza eta motibazio politikoarekin erabat lotuta".
Lau eguneko jardunaldi bat izango da, uztailaren 24an hasi eta 27ra arte luzatuko dena. Hainbat saio orokor izango diren arren, bi diziplinari buruzko formakuntza-programa zehatzak prestatu dituzte Ekidako kideek: muralismo eta arte bisualetan, eta arte eszeniko eta antzerkian, hain justu.
"Arte Eskola Sozialista diziplina horietan interesa duen edonorentzat dago irekia, artearen funtzio iraultzaileak kezkatzen duen eta bere diziplina artistikoa hortik landu nahi lukeen edonorentzat", dio Ekidak. Argitu du, gainera, "oinarrizko mailatik maila aurreratuagoan dauden artistentzat" pentsatu dituztela formakuntza-programak; "bai dimentsio politikoan eta baita teknikoan ere".
Horri guztiari lotuta, azaldu dute erabat doakoa izango dela eskola, "kalitatezko formakuntza artistikorako sarbide unibertsala printzipio gisa hartuta".
Seminarioak, hitzaldiak eta tailerrak
Lau egun horietan zehar, bi diziplinetako programentzat komunak izango diren hainbat seminario egingo dituzte: taktika artistikoari eta estrategia sozialistari buruzko bat, eta Mugimendu Sozialistaren oinarri politikoei buruzko bat. Aurtengo bi programei amaiera emateko, gainera, mahai-inguru amankomun bat izango da: Arte popularra eta arte iraultzailea egungo kapitalismoan. Parte hartuko dute Kattalin Barcenak, Jon Urzelaik, Aitor Bizkarrak eta Ion Celestinok.
Formakuntza espezifikoei dagokienez, muralismoari eta arte bisualei buruzkoan ondoko gaiei helduko diete, besteak beste: muralismoaren historia tradizio sozialistan, grafitiaren eta kale-artearen historia, sozialismoaren iruditeria, erreprodukzio-teknikak eta mosaikogintza. Programan parte hartuko du, esaterako, Mark Madness grafitilari bartzelonarrak: seminario bat emango du eta bere azken proiektua erakutsiko du, Ekidaren esanetan.
Arte eszenikoari eta antzerkiari buruzko programan, berriz, hurrengoak landuko dituzte: antzerki politikoaren historia eta esponenteak, testua eta dramaturgia, aktore-entrenamendua eta interpretazioa. Bertan izango dira Oier Guillán aktore eta dramaturgoa eta Matxalen de Pedro antzerki-zuzendaria.
Izen-ematea, Ekidaren web-orrian
Zabalik dago Arte Eskola Sozialistarako izen-ematea, Ekidaren web-orrian (ekida.eus). Bi formakuntza-programetako batean eman beharko dute izena interesa dutenek, eta, plazak mugatuak izango direnez, programako saio guztietan parte hartu ahal izango dutenei emango diete lehentasuna.
Euskaraz egingo dituzte saio guztiak, eta lotarako nahiz jateko aukera izango dute bertaratzen direnek. Saio bakoitza zer egunetan eta zer ordutan izango den ere jakinarazi dute jadanik Ekidako kideek.