ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/01/15 09:44

Palestinarekiko elkartasunaren kontrako errepresioa eten. Hala zioen atzo iluntzean Palestinarekin Elkartasuna plataformak Iruñeko (Nafarroa) Nabarrerian zabaldutako pankartak, protesta bat egin baitzuen goizean izandako atxiloketak gaitzesteko. Gutxienez bi pertsona atxilotu zituen Espainiako Poliziak, urriaren 15eko gertakari batzuei lotuta: egun horretan, Palestinaren aldeko mobilizazioak eta geldialdiak izan ziren Euskal Herri osoan.

"Errepresioaren gorakada baten aurrean gaude eta Palestinaren aldeko mugimendua ere kolpatzen ari dira: Vueltako protesten harira auziperatutakoak eta isunduak, protestetan parte hartzeagatik hamarnaka identifikazio, isun eta jazarpen...", salatu zuen plataformak elkarretaratzean. Gogorarazi zuen atzo bertan deklaratu behar izan zutela hiru lagunek Bilboko (Bizkaia) epaitegian, Vueltako mobilizazioen harira. Nabarmendu zuen, gainera, jazarpena ez dela "Euskal Herrira mugatzen"; "Europan ere errepresio gogorra jasotzen ari baita Palestinarekiko elkartasun-mugimendua, eta adibide garbi gisa Erresuma Batuan hiltzorian dauden preso politikoak ditugu".

Palestinarekin Elkartasunaren esanetan, "errepresio hau sionismoarekin kolaboratzeko beste forma bat da, eta agerian uzten du erakunde publikoek Israelekin duten konplizitatea". Zorrotz hitz egin zuten atzokoan Iruñetik: "Arduradun politikoek protestak txalotu eta Palestinaren alde daudela esatera behartuak egon diren arren, haien Poliziak eta epaileek ekintzaileak jazartzen dituzte. Gaur bi epaitu gehitu dituzte jazarrien zerrendara". Horiek horrela, errepresio-kasuei erantzuteko martxan diren elkartasun-dinamiketan parte hartzera deitu zuen berriz plataformak.

Eta abisua eman zuen, bestalde: "Ez dugu ahaztu behar Palestinaren aurkako kolonizazioak eta genozidioak aurrera jarraitzen dutela, eta Palestinaren egoera oso larria dela. Azken astean, besteak beste, Gazan geratzeko asmoa publiko egin du Israelgo Armadak". Dei egin zuen, beraz, "sionismoaren aurka eta Palestinaren alde borrokan jarraitzera": "Errepresioak ez dezala Palestinarekiko elkartasuna eten".

NO HAY COMENTARIOS