ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/22 10:58

Bederatzi pertsona atxilotu dituzte Almerian (itxura denez, lehen sektoreko bederatzi enpresaburu), otsailean 25 langileri eraso egiteagatik. Lehen sektoreko protesten barruan, El Ejidoko lantoki bati su eman zioten atxilotuek, 25 behargin barruan zirela. Pertsona migratuak dira langile gehienak.

Barazkiak eta frutak merkaturatzen dituen handizkako batenak dira El Ejidoko instalazio horiek. Otsailaren 8an, gauez, koltxoi bat gasolinaz busti, su eman eta lantegi barrura bota zuten bederatzi enpresarik. Gertatzen ari zenaz ohartzean, erasotzaileek erabilitako sarbideko konporta itxi zuen langileetako batek, eta modu horretan lortu zuen su emandako material gehiago ez sartzea.

Ihes egin zuten erasotzaileek, hainbat ibilgailutan. Sua itzaltzea lortu zuten erasotuak izan ziren beharginek, eta larrialdi-irteeratik egin zuten alde gehienek. Haietako bat ospitaleratu egin behar izan zuten, kea arnasteagatik.

Joan den astean atxilotu zituzten nabeari su eman zioten bederatzi pertsonak. Hainbat hedabidek, polizia-iturriak aipatuta, azaldu dute lehen sektoreko protestei buruzko foro batzuetatik ezagutzen dutela elkar; "hirugarren herrialde" batzuetatik lehen sektoreko produktuak sartzearen kontra omen daude, besteak beste. Iturri berdinek azpimarratu dutenez, "erabat kontziente" ziren, lantokiari su ematean, barruan zirela hainbat eta hainbat langile.

NO HAY COMENTARIOS